Mendea betetzear, Mexikoko airelinea ezagunenak bertan behera utzi du bere jarduera
Mexicana de Aviacion airelinea historikoak -aurten 98 urte bete ditu- bere jarduera eten zuen atzo, aurrera egiteko dirurik ez duelako. Mexikoko Garraio ministroak baieztatu zuen enpresaren itxiera eta azaldu zuen jabe berriek ez dutela diru ekarpen gehiago egin nahi izan.
GARA |
Mexicana de Aviación airelineak eta bere filial Click eta Link enpresek beren jarduera erabat eten zuten atzo eguerdian, eta litekeena da bere ateak behin betiko itxirik jarraitzea. Aipatu airelinea, herrialde horretako ezagunena, duela 98 urte sortu zen.
Itxieraren berri Mexikoko Komunikazio eta Garraio ministro Juan Francisco Molinarrek eman zuen, prentsaren aurreko agerraldian. Azaldu zuenez, Tenedora K inbertsio taldeak airelinearen porrota eragozteko diru ekarpen gehiago egiteari uko egin zion eta horren ondorio izan da enpresa ixteko erabakia. Molinarrekin batera, Lan ministro Javier Lozano Alarcon eta pilotuen eta hegazkinetako langileen ordezkari sindikalak izan ziren agerraldian.
Mexicana de Aviacion-ek Mexikon barrena egunero hainbat hegaldi egiteaz gain, Erdialdeko Amerikara, Hego Amerikara, AEBetara, Kanadara, Karibera eta Europako hainbat hiriburutara heltzen ziren bere hegazkinak.
Molinarrek adierazi zuen hegaldia erosia zuten bezeroek ez dutela inolako kalterik izango, izan ere, duela astebete Mexikoko agintariek eta itxitako enpresak berak beste garraio talde batzuekin negoziatu zuten bidaiari guztiak euren helmugetara iristeko modurik egokiena.
Proposamen «onartezina»
Tenedora K inbertsio taldeak oso prezio merkean erosi zuen Mexicana de Aviacion enpresaren %95, baina azken astean enpresaren porrota ekiditeko hamar milioi euro jarri ondoren, atzo erabaki zuen ez zuela bertan diru gehiago sartuko.
Aurretik, dena den, 1.360 langile kaleratzeko proposamena egin zien Mexikoko agintariei, horrela enpresak aurrera egin zezakeela argudiatuz, baina Lozano Lan ministroak «onartezintzat» jo zuen taldearen proposamena.
Mexikoko Garraio ministroak adierazi zuen airelineako bezeroek ez dutela kalterik izango, eta erosia zuten hegaldiaren ordez, beste bat izango dutela.