GARA > Idatzia > Euskal Herria

Corellako 22 urteko gazte bat hil eta beste bat larri zauritu da auto istripuan

Autoa errepidetik irten eta zuhaitz bat jo ostean, bertan zihoan 22 urteko gaztea hil eta 29 urteko gidaria larri zauritu da Corellan. Bezperan, herrian gertatu beste ezbehar batean Errioxako hiru lagun zendu ziren.

GARA |

Ostiralean herrian gertatutako istripuan hiru lagun hil ostean, errepidetik iritsi zitzaizkien berriz ere berri txarrak atzo corellarrei. Goizaldean izandako auto ezbeharrean herriko 22 urteko gazte bat hil eta beste bat larri zauritu zen.

Nafarroako Gobernuko iturrien arabera, istripua goizeko 7.08ean gertatu zen Corellako herrigunetik gertu, Alfaro, Cintruénigo eta Fitero batzen dituen NA-6920 errepidean, hain zuzen ere. Antza denez, bi gazteak zihoazen autoak, oraindik ere argitzeko dauden arrazoiengatik, errepidetik irten, eta bidegurutzean zegoen zuhaitzaren kontra jo zuen.

Kolpearen ondorioz kopilotuaren aulkian zihoan D.L.P. 22 urteko corellarra lekuan bertan hil zen. Gidaria, J.J.F., 29 urteko herritarra, larri zauritu zen toraxean hartutako kolpearen ondorioz.

Hasiera batean, Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman zuten gidaria anbulantzia medikalizatuan, baina zaurien larritasuna ikusita, Nafarroako Ospitalera eraman beharra zegoela adierazi zuten medikuek.

Bien bitartean, hildako gaztearen gorpua Nafarroako Lege Medikuntzako Institutura eraman zuten autopsia egiteko.

Suhiltzaileen laguntza

Istripua gertatu eta berehala Corellako mediku taldea bertaratu zen, bai eta Tuterako suhiltzaileak ere. Horiek atera zituzten bi gazteak guztiz txikituta geratu zen autotik.

Polizia Foralak, bestalde, istripuaren atestatua egin, eta zergatiak argitzeko ikerketa abiatu du.

Corellako gaztearen heriotza eragin duen istripua herrian ordu gutxiko tartean gertatu den bigarrena izan da. Izan ere, ostiralean goizeko hamar eta erdiak aldera izandako ezbeharrean Errioxako hiru lagun hil ziren.

Gidariak autoaren kontrola galdu eta bide bazterreko seinaleari jo zion. Kolpearen ondorioz, 51 eta 24 urteko ama-alabek eta gizon batek galdu zuten bizia eta laugarrena, berriz, larri eraman zuten Logroñoko ospitale batera.

arrazoiak

Ikerketak argituko ditu ezbeharraren nondik norakoak. Antza, gidariak, autoaren kontrola galdu, errepidetik irten, eta zuhaitz baten kontra jo zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo