Euskal Herria jaietan
Janari usain goxoak eta umore onak indarberritu ditu bilbotarrak
Hegaluzea izan zen protagonista atzo goizean Bilboko jaietan. Batetik, koadrilek eta konpartsek marmitakoa egiten trebeak direla erakutsi behar izan zuten gastronomia lehiaketan. Bestetik, sagardoaz lagunduta, Bizkaiko hegaluzea dastatzeko aukera izan zuten Areatzara gerturatu zirenek. Arratsaldean, berriz, lehia umorez janzteko, konpartsen arteko herri kirol txapelketa egin zuten Arriaga antzoki aurrean, ikusle ugari txaloka zirela.
Nagore BELASTEGI |
Marijaiari agur esateko gutxi falta den arren, bilbotarrek ondo pasatzeko aukerarik ez dute galdu. Gastronomia lehiaketak izan dituzte egunero, gaur bertan lehia horietan erabateko irabazlea nor den jakinarazteko. Atzo marmitakoa prestatzea egokitu zitzaien.
Atzo, 9.00etarako, Areatzako txokoak konpartsa eta koadrila ugariz bete ziren. Talde bakoitzak bere sukaldeko tresnak eraman zituen eta patatak zuritzeari ekin zioten. 11.30ean hasi ziren lapikoak prestatzen. Batzuk gutxi ziren, bikote bat nahikoa baita marmitako ederra prestatzeko. Beste batzuk, berriz, erleak erlauntzan bezala zebiltzala zirudien, sukaldari ugari baitzebiltzan elkarlanean.
Gehienek gasa erabili zuten hegaluzea txigortzeko, baina modu landuenetara jotzen zutenak ere baziren. Usain goxoak erakarrita, gero eta jende gehiago biltzen hasi zen koadrilen inguruan. Altxatu berriak eta kalimotxoa eskuan zuten parran- dazaleak, denetariko jendea zebilen marmitakoa prestatzeko trikimailuak ikasi nahian.
Lehiakideak ez zeuden lapiko arteko sekretuak aise kontatzeko prest eta askok topikoari heltzen zioten: «Sukaldean bihotza jartzearekin dena egina dago». Poteoturismo koadrilako Jan-dro Sanda suaren inguruan zebilen bi lapiko handi zaintzen. 9.30ean hasi ziren koadrilako 30 lagunak marmitakoa prestatzen. Sandak otordu on bat prestatzeko ematen duen gomendioa «goiz esnatzea, maitasunez aritzea eta marka ezaguneko tomate saltsa bat erabiltzea» da.
Koadrila handi honen ondoan Sabino Sarrionandia eta Mikel Urkijo ari ziren, 10.00etatik buru-belarri, nahiz eta tokia hartzera ordubete lehenago joan ziren. «Marmitakoa 45 minututan egin daitekeen platera da, baina lehiaketara aurkezteko zertxobait gehiago egin behar da», adierazi zuen Urkijok. Ez zuten irabazteko itxaropen handirik, beraien xedea ondo pasatzea eta gero etorriko ziren lagunekin bazkaltzea zelako, baina, hala ere, bazituzten trukutxo batzuk.
«Maitasunez prestatzen dugu marmitakoa. Bestalde, txakolina eta ondo egindako barazkiak botatzen dizkiogu, horien artean, orain dela hamar egun baratzetik zuzenean hartutako patatak. Horiek erabiltzeak zapore bikaina izaten lagunduko dio platerari. Hegaluzea betiko arraindegian erosi behar da, ez da sekula aldatu behar», aitortu zuten.
Urrutian Komantxe konpartsaren totem erraldoi eta koloretsua ikus zitekeen. Gazte ugari zegoen, kamiseta laranja jantzita. Bilboko alkate Iñaki Azkunak txosna jartzea debekatu dion konpartsetako bat da Komantxe. Txosna jarri behar zuten tokian kanpamendu moduko bat egin dute, Areatzako iturriaren ondoan, eta bertan egiten dituzte konpartsaren jarduera guztiak, Zaratas konpartsaren laguntzari eta babesari esker.
Komantxe egunero aurkeztu da gastronomia lehiaketara eta atzo ere marmitakoa prestatzen aritu ziren kide guztiak. Kideetako Edu Gonzalezek azaldu zuenez, ia konpartsakide guztiek hartu dute parte. Batzuk sukaldean patatak zuritzen, piperrak mozten edota hegaluzea zatitzen ari ziren bitartean, besteak erosketak egitera joanak ziren.
«Gure marmitakoa Kantauriko benetako komantxeek zuten errezetari jarraituz egiten dugu, bertako produktuak erabiliz eta gogo handiz ekinez. Bestelako trukurik ez dut emango, sekretuak direlako», adierazi zuen Gonzalezek txantxetan.
Bazkalorduan, denak gose
Parte hartzaile guztiak gogotsu ibili ziren Bilboko marmitakorik onena egiten, baina bost konpartsak besterik ez zuten saria eskuratu. Sukaldaritza lanetan, bereziki, ondo pasatzeko ari zirela nabaria zen, eta tarteka lagunen artean ardo botilak eta olibak zebiltzan eskutik eskura. Baten batek hatza saltsan sartzen zuen edo, gosearen gosez, jada eginda zegoen hegaluze zati bat jaten zuen.
Parte hartzaileek marmitakoari azken ukituak ematen zizkieten bitartean, inguruan gosetuta zegoen jendeak ere ahora zerbait eramaterik izan zuen, Bilboko musika bandak pieza klasikoak jotzen zituen bitartean, hegaluzea eta sagardoa bi eurotan salgai jarri baitzuten.
13.00etan talde bakoitzak egindako lana aurkezteko garaia iritsi zen, epaimahaiko kideek dasta zezaten. Plater guztiek itxura aparta zuten eta zaila izan zuten irabazlea aukeratzea, azkenean konpartsen artean bost besterik ezin baitzituzten hautatu.
Epaimahaiak marmitako eltze onenak zeintzuk ziren erabaki bitartean, apurka lagun taldeak bildu eta egindako marmitakoa jaten hasi ziren, urdaiazpikoz, gaztaz eta hirugiharraz lagunduta.
Koadrila batzuk postrera iritsiak zirenean, 14.30ean, aurkezleak konpartsetako ordezkariei taulara gerturatzeko eskatu zien, sariak banatzeko.
Banaketa hastear zegoenean, aurkezleak etenaldi bat egin behar izan zuen Joanes izeneko mutil txiki bat galdua zela-eta. Ez zen harritzekoa, Areatza jendez gainezka baitzegoen. Mutikoa larritzen hasia zegoenean ama agertu zen eta txalo artean joan ziren eskutik helduta.
Orduan, aurkezleak berriro hartu zuen esku artean irabaz- leen izenak zituen papera, eta bosgarren postutik lehenengora eman zituen konpartsa irabazleen izenak. Altxa Porrue I taldeak eraman zuen garaikurra. Laugarren postua Arrainak I taldearentzat izan zen.
Hirugarren marmitakorik onenaren saria Tintigorri I taldearentzat izan zen. Konpartsaren ordezkaria ez zen inondik ageri, eta ingurukoak txantxetan beste bati emateko esaten hasi ziren. Horiek saria jaso zutenean, bigarren postua Arrainak II taldearentzat izango zela iragarri zuen aurkezleak. Ordurako jendea Arrainak konpartsa goraipatzen hasia zen, baina hasperen ozenenak lehenengo saria, hau da, garaikurra eta txapela, Arrainak III taldeari zegokiola jakin zenean entzun ziren, etsipenaren seinale.
Konpartsen arteko Xiba Lehiaketa bazkalostean ospatu zuten. Hasieran Arriaga plazan egitekoak ziren jokoak, baina gauean bertan bestelako ekitaldiak izango zirela-eta, azkenean, Areatza kalean egin behar izan zituzten.
Hogei konpartsa inguruk eman zuten izena taldea goraipatzen duen joko hauetan parte hartzeko. Herri kirolez osatutako norgehiagoka 17.30etarako iragarrita zegoen, baina azkenean jendea gerturatu zen arte itxaron behar izan zuten. Bitartean, konpartsetako kideak elkarri garrasika irainak botatzen hasi ziren, txantxetan, elkarren artean giro txarra duten itxurak egiten.
Konpartsa ugarien koloreak nabariak ziren jokoak ospatu behar ziren tokia inguratzen zutelako. Bakoitzak bere leloa zuen ahotan, batzuk abestuz, beste batzuk garrasika, baina denak umore ona erakutsiz.
Seietarako hamabost minutu eskas falta zirenean hasi ziren aurkezleak lehenengo jokoaren gaineko azalpenak ematen, nahiko korapilotsua baitzen. Herri kirolak egur metarekin hasi ziren, eta nahikoa kostatu bazitzaien ere, ederki ibili ziren korrika egur zatiak biltzen eta zutabe batean metatzen.
Joko honi ezagunagoak diren beste batzuek jarraitu zioten, arto jokoak, enbor mozketak eta zaku lasterketak, besteren artean.
Adin guztietako konpartsakideek hartu zezaketen parte, baina atzokoan gehien-gehienak gazteak ziren, asko eta asko bazkaldu ondorenean hartutako patxaranak animatuta, gainontzekoekin lehian ibiltzeko gogoa pizteko egokia. N. B.
Aste Nagusia amaitutakoan Santo Tomasak prestatzen hasiko dira konpartsak. Gero inauteriei eta datorren urteko jaiei helduko diete, urtean ere gauza asko prestatzen dituztelako.
Marmitako lehiaketako bost sari nagusietatik hiru eraman ditu Arrainak konpartsak. 1978an sortu zen taldea eta harrezkeroztik urtero parte hartzen du Aste Nagusian.