GARA > Idatzia > Kultura

Dokumentalei buruzko atzera begirako berezia izango da aurten Donostiako Zinemaldian

Donostiako Zinemaldiak atzera begirako berri bat aurkeztu zuen atzo, «.doc - Ez fikzioaren bide berriak» izenekoa. Azken hamarkadako dokumental lanik «erakargarrienak» eskainiko dituzte sail horretan.

p050_f03_148x104.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Zinemaldiaren 58. edizioak -irailaren 17tik 25era - nazioarteko zinema dokumentalari buruzko atzera begirako bat eskainiko du, «.doc- Ez fikzioaren bide berriak» izenburu- pean. Izan ere, azken urte hauetan zinema dokumentalaren inguruan piztu den interesak zinematografiaren egoera aldatu duela azaldu zuten atzo antolatzaileek Zinemaldiaren webgunean.

Zinema dokumental garaikidea askotarikoa eta aldakorra da eta, hori dela eta, dokumentalez baino egokiagoa dirudi fikzioa ez den zinemaz hitz egitea. «`.doc- Ez fikzioaren bide berriak' zikloaren helburua azken hamarkadan zinema dokumentalak munduan eman dituen proposamenik erakargarrienak erakustea da», adierazi zuten antolatzaileek.

Proposamen horien artean, mota askotako filmak eskainiko dituzte. Besteak beste, «autodokumentala edo gai indibidualei eta pribatuei buruzko zinema subjektiboa», esaterako «En construcción» (Jose Luis Guerin), 2001. urtean Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen lana; Guy Maddin-en «My Winnipeg»; edota Joaquim Jordaren «Más allá del espejo», agnosia eta alexia burmuineko gaixotasunen inguruko lana. Zuzendariak berak dituen bi gaitz horiek errealitatea hautemateko zailtasunak eragiten dituzte.

Zenbaiti bitxia iruditu arren, historia kolektiboak norbanakoen historian ere eragina izaten du eta hori ere sarritan aztergai izaten dute dokumentalek. Multzo horretan 2007an Jose Maria Goenagak eta Aitor Arregik egindako «Lucio» dokumentala eskainiko du Zinemaldiak, 1931n Cascanten jaiotako Lucio Urtubiaren bizitza azaltzen duen lana. Izan ere, filmaren webgunean azaltzen denez, Urtubia «anarkista, banku lapurra, faltsutzailea eta igeltseroa» izan arren, ziur asko egin zuen ekintza famatuena Citybank bankuari egindako bidaia-txekeen faltsutze masiboa izan zen.

Beste dokumental moten artean «The Five Obstructions» proiektatuko dute, Lars von Trier-en eta Jorgen Leth-en artean sorturikoa eta Zinemaldian gogoeta eragiteko erakutsiko dutena. Lan horretan, dokumentalak egiteko modu ezberdinak eta zinema sortzeko prozesuaren oinarrizko ezaugarriak zalantzan jartzen dituzte bi zuzendariek.

Zinema mota horren barruan musikari buruzko lanak ere ugariak izan ohi dira eta Zinemaldiak horietako bat eskainiko du, «The Filth and the Fury» hain zuzen. Julien Templek zuzendutako lan honek Sex Pistols talde famatuaren historia azaltzen du, bai eta garai hartako testuinguru sozial eta politikoa eta punk fenomenoak izandako eragina ere.

«Oraindik aztertu eta jaso ez den alorra ezagutaraztea da asmoa», zioten Zinemaldiaren antolatzaileek. Finean, «.doc-Ez fikzioaren bide berriak»-en helburu nagusia ikusleen artean gogoeta eragitea da.

ESKAINTZA

Besteak beste, Lucio Urtubiaren bizitza edota Sex Pistols taldearen historia azaltzen dituzten dokumentalak emango dituzte atzera begirakoan. Dokumentalak egiteko modu ugari dagoenez, erakutsiko diren lanak ere askotarikoak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo