GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Desafioa

Garaipena lortu dute euskaldunek, izerdi dezente botata baina

Schmit eta Heinz alemaniarrak ongi aritu ziren, euskaldunek baino 203 kilo gutxiago moztu arren.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bixente Mitxelenak eta Jexuxmari Goenagak irabazi zuten atzo Schmit eta Heinz alemaniarren aurka jokatutako desafioa. Horrenbestez, euskaldunek 6.000 euro eraman zituzten etxera eta 3.000 euro, berriz, alemaniarrek.

800 ikusle inguru batu ziren Hernanin, Jauregiko belardietan. Ikusmin handia zuen jendeak eta leporaino bete ziren inguruak. Talde bakoitzak ordubete aritu beharra zeukan lanean, bakoitzetik segalari batek ordu erdia egin beharra zeukan jarraian, eta hark amaitutakoan sartu behar zuen besteak, horrela ordubete egin arte.

Irabazlea, berriz, tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen zuen bikoa izango zen, eta hor euskaldunak gailendu ziren, izan ere, ordubetez segan aritu ostean, 2.053,5 kilo belar moztu zituzten. Alemaniar bikoak, berriz, 1.850 kilo belar ebaki zituen.

Goenaga izan zen euskaldunen artean lanean hasten lehena, eta Heinz, berriz, alemaniarren aldetik. Oso lehia polita eskaini zuten. Alemaniarrak sekulako erritmoa jarri zion saioari, oso azkar ibili baitzen, sailetan Goenaga baino apur bat lehenago. Gakoa, ordea, ez da izaten azkar moztea, kiloak moztea baizik, eta errezildarrak oso behetik mozten zuen bitartean, Heinzek goragotik mozten zuen, eta hortxe egon zen aldea.

Bi segalariok ordu erdia bete bezain azkar sartu ziren beste biak. Mitxelena zen euskaldunen ordezkaria, eta Schmit, alemaniarrena. Horretan ere aurreneko txandan bezalatsu ibili ziren kontuak. Schmit abiadura bizian, eta Mitxelena, berriz, berean. Baina berriro ere gauza bera gertatu zen. Oiartzuarrak belarra beheragotik moztu zuen, hor izaten baitu belarrak pisurik gehien, eta alemaniarrak, berriz, goragotik. Amaieran garaipena etxean geratu zen, nahiz eta alde ikaragarririk ez izan. Nahiz eta ez irabazi, alemaniarrak oso gustura geratu ziren, eta baita zaleak ere, gehienek uste zutena baino lan hobea egin baitzuten. Ez da ahaztu behar kanpotarrak lan azkarretan aritzen direla, eta ez euskaldunen erara, baina oso ongi prestatuta heldu ziren. Euskaldunak, berriz, oso gustura zeuden: «Oso lan ona egin dugula uste dut. Izan dugu betekadaren bat, baina bakoitzak ordu erdia ongi osatu dugu», esan zuen Mitxelenak. «Garbi ikusi da alemaniarrak denbora-pasa ez direla etorri», erantsi zuen.

Internetez saioa zuzenean ikusteko aukera izan zen

Ez da ohikoa herri kirol saio bat Internet bidez zuzenean eskaintzea, baina atzoko desafioak ikusmina piztu zuen, baita Euskal Herritik kanpo ere, eta antolatzaileek, Almitza Elkarteak, desafioa zuzenean eskaini zuen. Emanaldia ondo atera zen, eta orain erantzuna ikusi beharko da.

Antolakuntza dotorea eta bikaina izan zen

Almitza elkarteak zuen saio hau antolatzeko ardura, eta betebeharra bikain bete zuen. Dena txukun eta ederki egin zuten, baita hasiera ere, aurresku eta guzti. Segalariek alemaniarren eta euskaldunen ereserkiak ere entzun zituzten desafioa hasi aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo