Donostia Torneoko finala
Inork gogoko ez duen eran joan zen txapela Leitzara
Xalak min hartu zuen eskuin belaunean eta, ondorioz, Bengoetxea VI.ak eta Barriolak irabazi zuten.
XALA-APRAIZ 11
OINATZ-BARRIOLA 14
Imanol CARRILLO
Oinatz Bengoetxeak eta Abel Barriolak 2007an lortutako garaipena errepikatu zuten ostiral gauean Atano III.a pilotalekuan, Leitzara eraman baitzituzten Donostia Torneoko saria eta txapela.
Garaipena lortzeko era, ordea, ez zen pilotarien gustukoa izan, Xalak min hartu eta jokatzen jarraitu ezin izan zuelako irabazi baitzuen bikote nafarrak. Aurrelari lapurtarrak eskuin belaunean izan zuen lesioa Barriolak egindako dejada bat jasotzera abiatu zenean. Leitzako atzelaria lurrera joan zen gorriek bidalitako pilota horri erantzuten saiatzean. Lurra izerdiz bustita zegoen eta Xalak gaizki zapaldu, erori eta min hartu zuen belaunean.
Aspeko aurrelariak aldageletara joan behar izan zuen, eta hasiera batean kantxara itzuli bazen ere, tanto batzuk jokatu ostean, lehia bertan behera utzi behar izan zuen.
Hasiera bortitza urdinentzat
Norgehiagoka oso ondo hasi zuten urdinek, 0-7 partzialarekin aurreratu baitziren Bengoetxea VI.aren maila bikainari esker. Markagailuan aurretik mantendu ziren garaileak momentu oro, baina gorriek aldea murriztea lortu zuten, hein handi batean, Bengoetxeak min hartu ostean, bere jokoa hoztu zelako.
Atzeko koadroetan, berriz, Apraizek behetik gora egin zuen neurketan zehar. Pilota astintzen hasi eta Barriolari nagusitzen hasi zitzaion. Hala ere, ezusteko momentua iritsi eta finala bertan behera geratu zen.
Barriolak torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen. Dudarik gabe, leitzarra bere maila eskuratzen ari da pixkanaka, eta hori beti da eskertzekoa.
Eskuin belaunean izan zuen bihurritua dela-eta, erresonantzia egingo diote medikuek bihar lapurtarrari. Aurrelariak atzo bertan Berriozarren jokatu behar zuen, baina Titinek hartu zuen haren tokia.