Kaixo guztioi
Markel IRIZAR
Txirrindularia
Azken itzuli handietan bezala, Amets eta biok gatozkizue lasterketaren berri ematera. Iaz biok Vuelta barrutik idatzi genuen arren, aurten bai Tourra bai Vuelta kanpotik ikustea egokitu zait.
Gure taldeak, Radio Shackek, Vueltarako gonbidapen bat lortzeko adina kirol mailarik ez duela argudiatuz, kanpoan utzi gaituzte, eta izugarrizko pena hartu badugu ere, jada errealitatea onartua dugu.
Dena dela, txirrindularitza ez da Vueltan bukatzen, eta lasterketa txikietan gure burua erakusten ari gara. Azkenaldian, bai Xube bai ni bolada ona hartuta gabiltza, eta nahiz eta batzuk gure taldeari oztopo eta trabak jartzen ari diren, The Shacek-ko gorritxoek, ez dugu hola eta hola etsiko.
Ulertuko duzue, kirolari bezala, minduta egotea. Bi astetan, Haimarrek eta biok 3 lasterketa irabazi ditugu. Pirinioetan gogor entrenatu gara, eta orain lasterketa etxetik ikusi behar. Baina beno, orain aurrera begiratu, eta nahiz eta minduta egon, saiatuko naiz ahal bezain objektiboena izaten.
Lasterketari dagokionez, uste dut Nibali, Igor Anton eta Frank Schleck direla hautagai nagusiak eta, zehaztutako ibilbideari esker, ikuskizun apartaz gozatuko dugulakoan nago.
Nire taldea bertan izango ez denez, taldekide ohiak etxeko sofatik animatuko ditut. Bertan, entrenamenduetako eta zutabeko lagun dudana izango da, Amets, eta bi lepauztai apurtu eta gero, osasuna eta zorterik onena opa diot etxetik.
Besterik gabe, irakurle; ongi etorri, elkarrekin egingo dugun «bidaia» honetara. Sevillan hasi den lasterketatik, Ametsek «txaskarriloak» kontatuko dizkizue, baina hurrengo astetik aurrera, Oñatiko berritsuak Montrealetik eta Quebec-etik idatziko du, bertako lasterketen berri emateko.
Oporretatik bueltan, ohiko egunerokotasunera bueltatzeak ematen duen «bajoitxoa» gure txutxu-mutxuekin samurtzen ahaleginduko gara. Besterik gabe, goza dezagun ikuskizunaz eta une atseginak pasa ditzazuela opa dizuet. Etzi arte.