GARA > Idatzia > Ekonomia

Espekulazioak igoarazi ditu oinarrizko elikagaien prezioak, EHNEren esanetan

Lehorteak jota, Errusiak urte bukaera arte zerealik esportatuko ez duela iragarri ostean, horien prezioa etenik gabe igotzen ari da. EHNEren arabera, espekulazioa dago horren atzean eta EBko Nekazaritza Politika Bateratuak sustaturiko merkatuen arau ezaren ondorio da.

p028_f01.jpg

A.Z.

Aurreikuspenen arabera, zerealen prezioak %30-40 artean igoko dira. Dagoeneko hasi dira igotzen eta, EHNE sindikatuak atzo salatu zuenez, prezioen igoera merkatuan gertatzen ari den espekulazioaren emaitza da. Izan ere, igoera hori nekazarientzat ez dela onuragarria izango baieztatu zuen EHNEk, aitzitik, espekulatzaileak izango direla etekinak lortuko dituztenak.

Horrez gain, ziur aski zerealen prezio igoeraren ondotik, ongarri, hazi eta landare-osasunerako produktuen garestitzea etorriko dela ohartarazi zuen sindikatuak. Hala, beste behin ere, nekazarien gastuak jasotzen duten errenta baino handiagoak izango direla kritikatu zuen.

Zentzu horretan, zerealen garestitzea Chicagoko «fikziozko eta espekulaziozko» merkatuak zehaztu duela azaldu zuen sindikatuak. Ezarri dituzten prezioak «irrealak» direla baieztatu zuen eta ez dutela nekazarien lanarekin zerikusirik.

Hala, 2007. urtean ere, egun bezala, zerealen prezioak asko igo zirenean, ekoizleek lehen aldiz galerak izan zituztela azaldu zuen, ekoizpen lanerako produktuak garestitu zituztelako.

Abeltzaintzari dagokionez, zerealen garestitzeak -bereziki pentsua- sektore horretan ere produkzio kostuak handituko dituztela azaldu zuen. «Bitartekariek gastu horiek haragiaren azken prezioa garestitzeko erabiliko dute, landa eremuan berriz ez da prezio igoerarik izango», salatu zuen.

Azken batean, bitartekariek nekazariei betiko prezioak ordaindu ondoren, produktuen prezioak puztea, alegia, espekulatzea gaitzetsi zuen. «Espekulazio horrek zera erakusten du: nekazariek ez dutela beren ekoizpenen gaineko inolako kontrolik, eta merkatua erregulatzeko tresnak desagerrarazita, elikagaien merkatua kontrolatzen duen lege bakarra merkatu librea, espekulazioa eta negozio azkarra dela», kritikatu zuen EHNEk.

Alde horretatik, EBk sorturiko Nekazaritza Politika Bateratuak merkatuen desarautzea onartu eta sustatzen duela baieztatu zuen eta, ondorioz, politika horrek elikadurarako lehengai diren nekazaritza produktuekin espekulatzeari bide ematen diola. Horregatik, elikadura-burujabetzan oinarrituko den nekazaritza politika bateratu berria bultzatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen.

EUROPAR BATASUNA

EBko Nekazaritza Politika Bateratuak merkatuaren desarautzea sustatu duela dio EHNEk eta politika horrek elikadurarako lehengaiak diren nekazaritza produktuekin espekulatzeari bide ematen diola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo