Javier Barandiaran (*) Antzerkilaria
Kale artistak, jai herrikoien alde
Izenpetzen dugunok, euren espazioa aldarrikatzen duten herritarren eta egunez egun paternalistagoa eta kritikarekiko «errefraktarioagoa» den boterearen arteko auziaren lekuko gara
Kale artistak eta konpainiak garen heinean, kalea, «hiriko espazio publikoa» da gure agertokia, gure istorioak kokatzeko leku generikoa eta egunero lan egiten dugun esparru fisiko zehatza.
Sarri, bertako jaietan jarduten dugu, dibertimendurako eta lana-deskantsua-lana zikloaren errutinak sortutako ezinegona baretzeko baliatzen diren tarte horietan.
Jai herrikoietan espazio publikoak bere esanahia berreskuratzen du, «giza-interakzioaren agertokia» eta, Habermasen definizioan, «komunikazio eta iritzi publiko kritikoaren adierazpenaren eremua». Nolanahi ere, hau izenpetzen dugunok, urtero-urtero, euren espazioa aldarrikatzen duten herritarren eta egunez egun paternalistagoa eta kritikarekiko «errefraktarioagoa» den boterearen arteko auziaren lekuko gara. Tamalez, jai herrikoien kontrako jarrera nagusitzen ari da leku askotan: Bilbo, Iruñea, Donostiako Egiako jaiak...
Esan bezala, agintariak aipatu espazioaren erabilera mugatu eta arautzen ahalegintzen ari dira azkenaldian, itxuraz, «jaiak gozatu nahi dutenen eta eguneroko errutinarekin segitzea aukeratzen dutenen arteko oreka lortze aldera». «Itxuraz» diogu, arauak ez baitira hain zorrotzak eta orekak ez baitu horrenbeste axola agintarien gogoko ekitaldietan, horietako asko pribatuak.
Gutako batzuek Donostiako Egia auzoko jaietan lan egin izan dugu, eta badakigu jaien egoera eta batzordearen eta Udalaren arteko harremana tirabiratsua dela. Ezagutzen dugu, zarata eta ordutegiak direla-eta, Udalak auzoko jaietan ezarritakoa araudia. Badakigu auzo askotan araudi hori ez dela errespetatzen, ezta Egian ere. Badugu Udalak Egiako festen aurka ezarritako zigorren eta batzordeak araudia malgutzeko asmoz egindako saiakeren berri ere. Halaber, ezagun dugu Udalaren erantzuna: festak ia kolokan utzi zituzten neurri drakonianoak. Badakigu azkenean Udala Egiako koadrilekin akordio batera iritsi dela, jaiak ospatu ahal izatea ekarriko duena, hori bai, murrizketa zorrotzekin.
Hori guztia jakinda, herritarrek espazio publikoa erabiltzeko eskubidea dutela, dibertimendurako zein «komunikazio eta iritzi publiko kritikoaren adierazpenaren» eremu gisa (jaietan sikiera) adierazi nahi dugu. Halaber, «jaiak gozatu nahi dituztenen eta eguneroko errutinarekin segitzea aukeratzen dutenen arteko oreka» lortzeko eginbeharra dutela. Eta azkenik, Donostiako Udalaren orain arteko jarrera zorrotz eta tinkoak, herritarren ongizatearen aldeko kezka zintzoaz haratago, «iritzi publiko kritikoaren adierazpenaren eremua» diren heinean, Egiako jaiak behin betiko ezereztatzeko asmoa islatzen duela.
Elkarbizitza, bai festetan bai festetatik kanpora, herritarren arteko elkarrizketaren eta adostasunaren bitartez gauzatu behar da, sekula ez boterearen inposaketen bitartez.
Eta inor ez da perfektua eta Porrontxoak munduko jai onenak ez direla jakinda, Egiako jaietako batzordeari, jarrera zabala eta irudimena, areagotzen ari diren oztopoak gaindituz, auzotar guztiei beraiena den espazioa bereganatzeko aukera ziurtatzeko eskatzen diogu. Donostiako Udalari, talante demokratikoa (beharbada, «umiltasuna» da hitz aproposena), agintekeria hutsa islatzen duten zorroztasun normatiboak bazterrean utzita, herritarrei euren espazioa «giza-interakzio, eta komunikazio eta iritzi publiko kritikoaren adierazpenaren» eremu gisa baliatzeko aukera emateko.
Eta azkenik, egiatar guztiei, erakuts dezatela, beste behin ere, elkarbizitza biribila posible dela, eta gogoan izan dezatela jaietan lan egiteari uzten diogula, eta, ez, aldiz, pentsatzeari. Kalea denona da. Alaitasuna bedi jaun eta jabe gure auzoan.
Jaietan ikusiko dugu elkar. Kalean ikusiko dugu elkar.
(*) Javier Barandiaranekin batera, Ignacio `Okene' Abrego, Josu Camara, Belen Cruz, Gorka `Ganso' Dominguez, Txubio Fdz. de Jauregi, Oskar Gomez, Pilar Guerra, Oier Guillan, Iñigo Asier Hernandez, Ainhoa Irazu, Genis Muñoz, Ana Perez eta Santiago Ugaldek ere sinatzen dute artikulu hau, bederatzi antzerki konpainiaren babesarekin.