GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hauteskundeetara begira, EAJrekin akordio bat izango dutela uste du Galdosek (H1!)

Datorren udaberriko hauteskundeetara begira, EAJrekin akordioa izango dutela uste du Hamaikabat alderdiko presidenteak, lankidetza horretarako erabiliko duten formula zein izango den azaldu ez duen arren.

GARA | GASTEIZ

«Hauteskundeetara begira, laster, EAJrekin akordioa izango dugu», adierazi zuen Iñaki Galdos Hamaikabat alderdiko (H1!) presidenteak. Efe informazio agentzia espainolak jaso zituen, atzo, Iñaki Galdosek Radio Euskadin egindako adierazpenak.

Aipatutako irrati publikoan esan zuenaren arabera, datozen udaberrian egitekoak diren udal hauteskundeetara begira, baikor agertu zen Hamaikabat-eko presidentea. Izan ere, Galdosen esanetan, bozaldietan EAJrekin kolaboratzeko akordioa «aurki» lortuko dute.

Iñaki Galdosek defendatu zuenez, Hamaikabat-eko hautesleek bi alderdion arteko lankidetza akordio bat eskatzen dute datozen hauteskundeetarako. Hitzarmen hori erdiestea, beren «jomuga» dela azaldu zuen H1!-eko presidenteak. Izan ere, «nazionalismo historikoaren baitan, tinko sinisten dugu lankidetzan», gaineratu zuen Galdosek.

Hala eta guztiz ere, begirada datorren udaberrian jarrita, Hamaikabat-eko presidenteak, atzo irratian egindako adierazpenetan ez zuen argitu zein izango den bere alderdiak erabiliko duen formula 2011ko hauteskundeetan beren presentzia bermatzeko.

«Jakin badakigu, Hamaikabat alderdi berri bat dela eta EAJren gailentasuna onartzen dugu», aipatu zuen Galdosek. Zentzu horretan, «umilak» izango direla onartu zuen eta, horregatik, udaberriko hauteskundeetan presente egoteko, azkenean, «erabiliko duten formulekin ez direla tematuko», gaineratu zuen. Hauteskundeetan EAJ zein Hamaikabat ordezkatuak egon daitezen, «akordioa dugu jomuga», aipatu zuen Iñaki Galdosek.

Bigarren plana, badaezpada ere

EAJrekin akordioa lortuko dutela uste badute ere, hauteskundeetarako hitzarmen horrek huts egingo balu, Hamaikabat-ek bigarren plan bat baduela aitortu zuen alderdi honetako presidenteak.

Zentzu horretan, akordioak aurrera egiten ez badu, Hamaikabat-ek EAE eta Nafarroarako zerrenda propioak prestatuko ditu. «Geurea alderdi serioa da», defendatu zuen Iñaki Galdosek, eta, horregatik, «ordezko plana ere izan behar dugu», aipatu zuen. Hala ere, ordezko plan horretara jo beharra ez izatea espero du Galdosek, baina, akordiorik egon ezean, «Hamaikabat hauteskundeetan egongo da».

Bestalde, zenbait kidek Eusko Alkartasunetik H1!-era jauzia emateko aukeraz mintzatu zen Iñaki Galdos. Alderdi batetik bestera «alde egiten ari direnak oso garrantzitsuak izaten ari direla» esan zuen Galdosek, nahiz eta ika-mikan sartu nahi ez duen aitortu zuen. «Denborak bere lekuan jarriko ditu gauzak» eta ez dabilela harropuzkeriatan argitu zuen Galdosek.

batetik bestera

Hamaikabat-eko presidente Iñaki Galdosek aipatu zuen Eusko Alkartasuna utzi eta H1!-ekin bat egin dutela hainbat kidek. Alderdi batetik besterako jauzia egiten ari direnen artean «oso esanguratsuak» ere badirela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo