GARA > Idatzia > Mundua

22 soldadu galdu dituzte AEBek asteburutik hona Afganistango lokatzetan

Bost soldadu estatubatuar hil zituen atzo erresistentziak Afganistanen. 22 dira asteburutik hona Obamak Asiako herrialde horretan galdu dituen soldaduak. «Talibanak gero eta inguratuago dauden seinale», adierazi du David Petraeus estatubatuar agintariak.

GARA |

Iraken atzera egiten ari diren honetan, egoera zaila dute Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen. Atzo bertan bost soldadu galdu zituen AEBetako Armadak. Asteburutik hona 22 soldadu estatubatuar hil ditu afganiar erresistentziak.

Azken zortzi hilabeteotan, 485 izan dira Afganistanen hildako soldaduak. Iaz, guztira 521 izan ziren eta horrek argi gorria piztu zuen Washingtonen.

Talibanen erasoaldia gogortu egin dela ukatzen duenik ez da. Alta, egiaztapen horri buelta ematen saiatzen denik ere ez da falta. David Petraeus jeneralak, AEBen eta NATOren okupazioko komandante-buruak, azalpen bitxia eman du bere agintepean dauden soldaduak jasaten ari diren kolpeen inguruan: «Inork ezin du ukatu talibanak gero eta indar handiagoa erakusten ari direla (...) Baina gure saiakeraren ondorioa da, beren gotorlekuetara iristen ari garelako».

Petrausen esanetan, «etsaien gotorlekuak mehatxupean daudenean, erantzun egiten dute (...) Askotan esan izan dut aurtengoa oso zaila izango zela, errazago bilakatu aurretik», gaineratu du.

NATOko ordezkari nagusi Anders Fogh Rasmussen erauntsiari aurpegi ona jartzen saiatu da. «Ez dut esango Afganistanen segurtasun egoera ona denik, ez baita horrela. Baina aurrerapenak ere izan dira», azaldu zuen atzo Kopenhagen.

Obamaren agerraldia

Atzo iluntzean (gauerdia jota Euskal Herrian) Irakeko gerraren amaiera iragartzeko Barack Obama AEBetako presidenteak deituta zuen agerraldian Afganistango auziak berebiziko tokia izan behar zuen.

Afganistango gerran buru-belarri sartzeko hautua egin du azken urtean Obamak.

ELKARRIZKETA

Hamid Karzai Kabulgo sasigobernuko buruak bihar aurkeztuko du prentsaurrean talibanekin elkarrizketei ekiteko batzorde berezia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo