Irak, okupazioa zuriz pintatuta ere, belea bele
Barack Obamak, AEBetako presidenteak, bart telebistan eman zuen hitzaldian -pantaila batean irakurrita-, ofizialki eman zien amaiera Irakeko borroka operazioei. Misioa ziurtatzeko 50.000 soldadu han geldituko diren arren -eta izugarri ugarituko diren milaka mertzenario-, atzo, zazpi urte iraun dituen gerraren epitafioa idatzi nahi izan zuen. Eta aitortu ez bazuen ere, epitafioaren hitzak argi irakur daitezke Irakeko zorigaiztoko infernuan, eta are irakiarren begietan: «Ez dugu gerra galdu, baina ezin dugu garaipena aldarrikatu». Horra, zazpi urteko okupazioaren epitafioa. Gezurretan oinarritutako eta petrolioaren harrapaketa xede zuen gerra porrot izugarria izan da, Irak suntsitu du eta irakiarrak ehunka milaka hil ditu. Halliburton bezalako gerrarako multinazionalen burtsa kotizazioak eta Iran -etsaia amorratua, Saddam Hussein zena, haizatu duen heinean- jo daitezke, inor jotzekotan, garailetzat. Obamak epilogoa idatzi nahi eta hitzaurrea idatzi du. Izan ere, egungo Irak Pandoraren kutxa beldurgarria da. Auzoko herrialdeen goseak esnatzen dituena, horiek Irakeko talde ezberdinen zatiketak elikatuz asetzen dutena. Borrokak amaitu dira, baina misioa ez; nahiz eta zuriz pintatu, belea bele. Hitzak hiztegi izango dira porrot izugarria estaltzeko, eta narratiba oso bat aurkitu beharko dute tamainako krimena zuritzeko. Bitartean, okupazioak ez du etenik izango.