GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Igandean deialditik kanpo geratu zen usurbildarra

Agirretxeren ezustekoa

Aurrelariaren ustez, «sorpresa» izan zen Vila-realen aurkako neurketan deialditik kanpo geratzea.

p035_f01_148x108.jpg

Imanol CARRILLO

Zenbat buelta ematen dituen futbolak, eta zenbat aldiz entzun behar izaten den esaldi hori kirol honetan. Hori pentsatzen arituko da, ziur aski, Imanol Agirretxe Realeko aurrelaria. Izan ere, denboraldiaurreko goleatzaile nagusia izatetik, Ligako lehen jardunaldian deialditik kanpo geratzera pasatu da usurbildarra.

Jokalariak berak adierazi zuenez, «sorpresa» bat izan zen Vila-realen aurkako lehia harmailetatik ikusi behar izatea: «Ez nuen espero. Denok borrokatzen gara hor egoteko, baina ez zen horrela izan. Arlo pertsonalean, argi dago hobeto egon naitekeela, baina, egia esan, taldea ondo dago, hiru puntu garrantzitsu atera ditugu eta horrekin geratu behar dugu».

Horiek horrela, badaki oraindik partida asko falta direla Liga amaitzeko: «Aurreneko jardunaldia izanda, nire kasuaz hitz egitea ez zait batere logikoa iruditzen». Hala ere, «nik berdin jarraitzen dut. Partida bakoitzean izateko borrokatuko naiz. Lasai nago, gogo berekin. Argi dago ez ditudala eskuak jaitsiko, baina oso gustura nago, taldea nola doan ikusten duzu. Nire kasua bigarren plano batean uzten dut», gaineratu zuen.

Norgehiagokari dagokionez, «egin genezakeen partidarik onena egin genuen. Vila-reali partida on bat planteatu genion eta horregatik irabazi genion».

Bestalde, bere hurrengo helburua larunbatean Realak jokatuko duen lagunartekoan aukera aprobetxatzea izango da Ligako bigarren jardunaldian parte hartzeko aukerak izateko.

Hegaletik, jo eta ke erasora

Igandeko neurketan protagonista izandako jokalari bat, Carlos Martinez, «pozik» agertu zen debutarekin, «bai taldeak egin zuen eragatik, bai nik neuk emandako mailagatik».

Bigarren Mailatik Lehen Mailara dagoen aldeari buruz mintzatu zen nafarra: «Aurrean Vila-real bezalako taldea duzu, Eurokopa eta Munduko Txapelketa irabazi dituzten jokalariez beteriko taldea, eta zelai barruan nabaritzen da ezberdintasun hori, iazko aurkariek baino kalitate handiagoa baitute».

Eskuin hegalak berak eskainitako maila onari dagokionez, honakoa adierazi zuen: «Atzerago egon beharko nuela uste nuen. Hau da, ezingo nuela erasora jo, taldeak oso jokalari azkarrak dituelako. Baina taldekideei abisatu nien laguntzekin adi egon zitezen eta denon artean ondo itxi genuen».

Garaipena lortzeko pixka bat sufritu behar izan zutela onartu zuen nafarrak, baina «partida hauek, azkenean, indar gehiago ematen dizute. Zapore onarekin gelditzen zara».

lagunartekoa

Astebeteko atsedena dela-eta, Realak lagunarteko partida jokatuko du larunbatean Santanderreko Racingen aurka. Norgehiagoka Barreda herriko Solvay futbol zelaian izango da, 18.00etan, eta 45 minutuko hiru zati jokatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo