Olibondoek xanpaina ematen al dute?
Amets TXURRUKA | Txirrindularia
Gezurra dirudien arren, gure kasuan horrela izan da. Olibondoz jositako lurraldean xanpaina jaso dugu. Izan ere, lehen etapa garaipena Jaenen lortu dugu. Lehenengoa diot, ziur bainago gehiago lortzeko aukera izango dugula.
Igor Antonek sekulako indar erakustaldia eman du, eta errepidea maldan gora jartzen denean bera dela nagusi erakutsi du. Vuelta honetako jefe guztiei kulotaren atzealdean dugun ikurrintxoa erakutsi die: Hau bai dagoela «jefe inda», Markel! Eta, nola ez, zorionak Igor!
Taldekideok bagenuen konfiantza garaipenetik gertu ibil zitekeela, eta atzoko hirugarren postuaren eta gaurko etaparen ondoren, helburu handiagoen bila ekiteko moduan dagoela sinetsi dugu. Saiatuko gara horretan laguntzen.
Lasterketaz kanpoko txutxumutxuei dagokienez, Marzio Bruseginekin solasean ibili naiz irteeran. Honek, olibondorik ez, baina mahastiak ditu, eta mahatsaz, ardoaz eta bere astoez aritu gara hizketan.
Bere mahatsarekin, «Amets» izenez etiketatutako 15.000 botila inguru egiten ditu urtean. Oso ardo ederra dela ziurtatzen dizuet, duela bi urteko Tourrean dastatu baikenuen.
Bestalde, astoak oso gustuko dituela-eta, 38 asto ditu bere baserrian. Astoez ari garela, gaurko protagonistak ere astakilo ederra dela erakutsi digu, eta beste behin, buruan gauza bat duenean, gaurko azken kilometroko %26ko pendizak ere ez diola helburua lortzen eragozten erakutsi digu. Astakiloa baino basahuntz lez igo duela esango nuke nik.
Zorionak, ba, Igor. Ospakizun txiki bat egingo dugu, baina ospakizun handia Vueltatik bueltan egingo dugu, ziur bainaiz oraindik ere lorpen handiak izango ditugula.