GARA > Idatzia > Kultura

Hegoafrikatik Euskal Herrira, Ladysmith Black Mambazok Getxo Folk jaialdian joko du

Hegoafrikarrekin batera, Oysterband britaniar talde sonatua, Errumaniako Mahala Raï Banda eta Xabi Aburruzaga izango dira irailaren 9tik 12ra bitartean Getxoko kaleak folk doinuz beteko dituen festan.

p042_f01_148x88.jpg

A. BILBAO | BILBO

Lau egunetan munduko lau bazterretako musikak ekarriko ditu Getxo Folk jaialdiak aurten ere, datorren ostegunean, irailaren 9an, hasita. Hogeita seigarren edizioa du honakoa jaialdiak, eta Ladysmith Black Mambazo hegoafrikarrak izango ditu izar nagusi.

Jaialdia Oysterband britainiar talde ezagunak irekiko du irailaren 9an, ostegunez. «Erresuma Batuko musika tradizionalean sustraitutako soinuen eta pop eta rock erritmoen arteko fusioan aitzindaria» den boskotea musika zeltatik haratago joaten saiatu da, eta «The Oxford Girl & Other Stories» (2008) azken lanean interpretazio akustikoaren mundua ikertu dute. Biharamunean, irailaren 10ean, errumaniar Mahala Raï Bandak joko du, Balkanetako sonoritatea agertuz. Ciocarlia eta Taraf banda ospetsuek bezala, abiadura bizian jotzen dute, eta festa giroan murgilduko dute plaza, «Ghetto Blasters» aurkeztuta.

Jaialdiaren hitzordu nagusia larunbatean helduko da, Ladysmith Black Mambazorekin. Mundu osoan ezagunak, badira lau hamarkada taldea hegoafrikar sustraietako musika, arimaz betea, munduratzen hasi zela. Besteak beste, Jacksoren «Moonwalker» bideoan ere agertu ziren.

Igandean, Getxo Folk ixteko, Xabi Aburruzagak portugaletetar trikitilariak Bizkaia Zubia gurutzatuko du, eta berriro ere «Denboraren naufrago» izango da oholtza gainean, trikitixa haratago eramaten laguntzen duen talde bikainarekin bat.

Zuzeneko nagusiak Areetako Geltokia plazan izango dira, 20.30etik aurrera, eta beste ekitaldi guztiak doakoak badira ere, hauek sarrera izango dute, 8 eurokoa (Ladysmith Black Mambazoren larunbateko jardunak izan ezik, 15 euro balio ditu-eta). Lau egunetarako bonoa, berriz, 30 eurotan dago salgai.

Banden kalejira

Zuzeneko nagusien aurretik, egunero talde banak joko du Erromoko Santa Eugenia plazan. Irailaren 9an Barrunto Bellota Band Cáceresko bikotearen klezmer musikak hartuko du plaza, eta biharamunean, ostiralez, Gaizka Baenaren talde anitza, flamenkotik abiatzen dena. Larunbatean, irailak 11, La Bruja Gata madrildar taldearen txanda izango da, «Mano que mece la cuna» aurkezten, eta igandean, festa ixteko, Mexikoko Efeleson, «... criollo y al natural», Karibe inguruko soinu basatiak berreskuratu nahian den taldea.

Horiez guztiez gain, banden kalejirek soinuz beteko dituzte Getxoko kaleak, Areetako Eskoletako plazatik irtenda, egunero 19.00etan. Larunbatean, ordea, kalejira nagusia izango da, eta talde guztiek hartuko dute parte bertan, ordu berean baina Bizkaia Zubiko plazatik irtenda: Stadkapelle Starnberg (Bavaria), Stow Pipe Band (Eskozia), Ciudad de Cangas de Oniseko gaita banda (Asturias), Ciudad Rodrigoko Surco-Boton Charro elkartea (Salamanca), Andres Isasi Musika Eskolako fanfarrea eta Agurra dantza taldea (Getxo).

Munduko Terrazetan, jakiak eta saltsa musika

Zuzeneko nagusiez gain -Areetako Geltokia plaza dute kokagune-, Santa Eugenia plazak Munduko Terrazak izenekoa jasoko du, eta bertan ere, edozein bazterretako jakiak dastatzeko aukera izateaz aparte, musika izango dugu. Datorren ostegunean, irailak 10, Cuencako Judith Mateok joko du, eta larunbatean berriz, irailak 11, Sevillako La Selva Sur taldeak.

Jaialdiak, bukatzeko, haurrentzako saio didaktikoa antolatu du igande eguerdirako -12.30ean-, Santa Eugenia plazan bertan, eta Getxoko Andres Isasi Musika Eskolako Banda protagonista dela. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo