Ibai Azkona iruindar gaztea atxilotu du Polizia frantsesak Hendaian
Otsailean urtebeteko espetxe zigorra ezarri, eta maiatzean Auzitegi Nazionalak bilatzeko agindua eman ondoren, Ibai Azkona iruindarra atxilotu zuen atzo eguerdian Polizia frantsesak Hendaian. Aurrez, birritan atxilotu zuten Azkona; 2008an inkomunikazio aldian torturatu zutela salatu zuen eta hainbat hilabete eman zituen espetxean. Baionako komisariara eraman zuten atzo atzeman ondoren, eta handik eman zioten gertatutakoaren berri familiari.
GARA
Bi atxilotze agindu zituela-eta, Polizia frantsesak Ibai Azkona iruindarra atxilotu zuen atzo eguerdian Hendaian eta, EFE berri agentziaren arabera, Polizia espainolak lagundu zuen operazioan. Gaztea Baionako komisariara eraman zuten eta amnistiaren aldeko mugimenduak argitu zuen polizia arduratu zela gaztearen gurasoei atxiloketaren berri emateaz.
Zehazki, azken hilabeteotan bertan bizi zen 27 urteko gazteari kale borroka ekintzetan parte hartu izana eta Segi gazte erakundeko kide izatea egozten dio Auzitegi Nazional espainolak. Iragan otsailean urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion auzitegiak kale borroka ekintza bategatik eta, hain justu, maiatzaren 26an eman zuen epaitegi bereziko laugarren zigor aretoak iruindarraren aurkako bilatze eta atxilotze agindua; bigarren agindua abuztuaren hasieran eman zuen, kasu honetan «terrorismoa» egotzita.
Azkona 2007ko urtarrilean atxilotu zuten lehenbizikoz Borroka Egun batean. Gero, 2008ko irailean atzeman zuten abuztuan egindako operazio baten harira. Orduan gazteak inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen eta epaiketaren aurretik hainbat hilabete egin zituen kartzelan. Era berean, iazko azaroan gazte erakundearen aurka burututako operazioaren buru Fernando Grande Marlaska epailearen autoan ere agertzen da Azkonaren izena.
Azterketa atzeratuta, Erroman
Erroman bestalde, Artzai Santesteban, Fermin Martinez eta Zuriñe Gojenola gazte independentisten aurkako Espainiaratze agindua aztertzeko egitekoa zen saioa irailaren 8ra atzeratu zuen atzo epaileak. Auzitegi espainolak aurkeztutako hainbat dokumentu oraindik ere itzuli gabe daudela argudiatu zuen epailea italiarrak. Hirurak ekainaren 11n atxilotu zituzten Erroman eta espetxean daude epaileak zer egin erabaki arte.
Joan den uztailean Ziburun Jon Anzari eskainitako omenaldian ETAko hiru kidek egin zuten agerraldiari buruz azalpen eske hasi da Polizia frantsesa. Hala, ekitaldian parte hartu zuen Askatasuneko kide batek astelehenean komisarian agertu beharko du azalpenak emateko; kazeta.info agerkariaren arabera, gainera, litekeena da bigarren pertsona bat ere deitu izana. Martxoan agertu zen Tolosako gorputegi batean Jon Anzaren gorpua eta uztailaren 24an ekarri zuten Euskal Herrira autopsiari loturiko azken azterketak egin ondoren. Ziburuko beilatokian lehen harrera eginda, hurrengo egunean ekitaldi politikoa egin zen frontoian. Ekitaldian hiru lagunek oholtza gainetik «Euskal Herriaren alde hildako guztiei» egin daitekeen omenaldirik onena «erabakitzeko eskubidea gauzatzea» dela adierazi zuten ETAren izenean.
Bestalde, ezker abertzaleak ohartarazi duenez, Polizia frantsesa datozen egun edo asteetarako Ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen aurkako operazio zabala prestatzen ari den susmoa du. Ezker abertzaleak datorren ikasturteari begira aurreikusi dituen ekimenak oztopatzea luke helburu operazioak. GARA
Etxeratek azken egunotan ere preso politikoen eta euren senideen aurkako jazarpenak eta aurrez aurreko bisita galerek ez dutela etenik izan salatu du. Aurreko asteetan, miaketen ondorioz, hainbat bisita bertan behera geratu ziren, Puertoko espetxean senideen autobusa harrikatu egin zuten eta azken egunotan ere izan dira gertakariak. Jazarpenen artean Juan Karlos Subijana presoaren bikotekideak jasandakoa plazaratu dute. Izan ere, aurreko asteburuan Subijana bisitatzera zihoala Behobian geldiarazi zuen Polizia espainolak haren bikotea, eta iraindu egin zutela salatu du. Valentzian, berriz, espetxetik irteterakoan Guardia Zibilak geldiarazi zuen eta bidaia zein bisitaren gainean itaundu zuten.
Alcala Mecoko espetxean, bestetik, Jagoba Apaolaza eta Nestor Silva preso politikoak bakartu egin dituzte, zenbaketetan zutik jartzeari uko egindako bakoitzagatik irekitako parteak pilatu ondoren. Puerto I espetxean, berriz, Unai Mallabia eta Fernan Elejalderen senideak aurrez aurrekorik gabe geratu ziren, miaketa saiakerak direla-eta. Almerian, azkenik, igandean bisita bat galdu zen, Etxeratek salatu du normalean larunbatez izaten direla eta ezin izan zutela joan. GARA