«Ane pirata»
Markel IRIZAR | Txirrindularia
Andaluziako lurretan dabil oraindik Vuelta. Merkurioak 40ºtik gora ordu gehiago egiten ditu, behetik baino, eta ibilbidea, erraza izatetik urrun, tranpaz beterik dago. Ziur nago, itzuli honek izan duen hasierak, ondorioak izango dituela baten baino gehiagoren gorputzean. Jadanik, tropeleko gehienak 25.000 km-tik gertu dabiltza urte sasoi honetan, eta autoak olioa aldatzera eramaten ditugun bezala, askok gustura hartuko lukete «azterketa tekniko» txiki bat.
Jaenen gora, %26ko pendiza zuen maldatzarrean, Euskaltel Euskadiko txirrindulari bat izan genuen garaile. Fuji-k, aurten euskal txirrindularitzak lortu duen garaipenik esanguratsuena lortu zuen Jaenen, eta hemendik zoriondu nahi dut bai Fuji bera, eta baita bere taldekideak ere.
Bien bitartean, etxe aldean, lanera eta ikastolara bueltatzeko ordua iritsi da. Geure etxean era, opor osteko «sindrome» pixka bat ere nabaritzen da. 3 urteko Xabat txikiak, behin eta berriz esaten dit ez duela ikastolara joan nahi. Egunak daramatzanez hori esaten, ikastolarako buelta Jaeneko %26ko malda baino gogorragoa egingo zaiola uste dugu. Ikastolara bueltatzea errazagoa egiteko, berak horrenbeste atsegin dituen Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen «Ane pirata» ipuina kontatzeari ekiten diot.
Ane pirataren ipuina ezagutzen ez duzuenontzat, minbizia duen neskato bati buruzko ipuina dela esan behar da. Gaixo egon arren, bere lagunei eta familiari erakusten die, beti dagoela arrazoiren bat irri egiteko.
Askotan, 3 urteko haurrek helduok ulertzeko gai ez garen gauzak ulertzea nahi ditugu. Geu ez gara, oporrak bukatu, eta lanera bueltatzeko ordua heldu dela onartzeko gai, eta beraiek lehenengoan ulertzea nahi dugu. Horrexegatik, haurrentzako ipuin horietan neure eguneroko bizitzarako oso baliagarri zaizkidan gauza asko ikasten ditut. Oporretan bapo ibili arren, normala da orain malda igotzea kostatzea, baina Ane piratak esango lukeen bezala, beti dago irri egiteko arrazoiren bat.
Gainera, gauzak aldatzea gure eskuan badago, pailazoek esaten duten leloari kasu egin, eta «sentitu, pentsatu, egin!!» aplikatzea baino hoberik ez dago.
Horrexegatik, lanera bueltan, bajoitxo horrekin zaudeten, eta baita besterik gabe, pozik antzean bueltatu zareten irakurleoi, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek agurtuko zintuzketen bezala agurtuko zaituztet. Denontzat txoko-marrubizko muxuak bidaliz.
Eta zuok, Euskal Herriko pailazo maitagarrienok, guraso bezala, haurren hezkuntzan horrelako lan ona egiteagatik, ilargiraino eta buelta maite zaituztegula jakin ezazue.