GARA > Idatzia > Kultura

Bost estreinaldi eta Alex Angulori saria, aurtengo Zinemirako mamiak

Bigarren urtez, euskal ekoizpenak nazioarteko zinemagintzaren maila berean izango dira. Euskal zinemari eskainitako sailean, guztira zortzi film luze izango dira ikusgai aurtengo edizioan eta, haietatik bost, erabateko estreinaldiak izango dira. Aurtengo Zinemira saria, bestalde, Alex Angulo antzezle erandiotarrak jasoko du, irailaren 22an egingo den galan.

p040_f01_203x124.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Irailaren 17a, Zinemaldiaren abiatze eguna, gerturatzen ari den heinean, jaialdiaren antolatzaileek 58. edizioaren inguruko xehetasunak ezagutarazten ari dira. Azken berria, Zinemira Euskal Zinemaren Panorama sailari dagokionaren ingurukoa izan da. Iaz jaiotako sailak, aurten Euskal Herrian ekoitzi diren lanik esanguratsuenen panoramika eskainiko du bigarrenez, eta, edizio honetan, ez fikziozko zinemak berebiziko garrantzia izango du. Zinemaldiko zuzendari Mikel Olacireguik eta Lakuako Kultura sailburuorde Antonio Riverak aurkeztu zituzten atzo Donostian «begirada ezberdinez jositako» atalaren barrunbeak.

Zinemira zortzi filmen erakusleiho izango da, eta horietatik bost erabateko estreinaldiak izango dira gainera. Txaber Larreategik eta Josu Martinezek parte hartze bikoitza izango dute aurtengoan, Zinemiran aurkeztuko baitituzte, batetik, «Debekatuta dago oroitzea» -36ko Gerran Saturraranen izan zen emakumeen espetxeari buruzko dokumentala- eta, bestetik, «Sagarren denbora» -Kristiane Etxaluz zuberotarraren eta Alfonso Etxegarai Afrikako irla txiki batean erbesteratuta dagoen bizkaitarraren arteko harremanari buruzko dokumentala hori ere-. Bi estreinaldi horiez gain, oraindik inon erakutsi ez diren lanen artean daude «Amerikanuak» (Nacho Reig) -Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historiari buruzko dokumentala-; «Musika Plaza» (Juan Miguel Gutierrez) - amiantoaren aferaren inguruko ekoizpena-; eta «Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka» (Eneko Dorronsoro) -Zumaiako hamahiru arraunlariren bizipen eta kezkak biltzen dituena, neguko prestaketa gogorren denboraldian-.

Bost film horiez gain, Zinemirak «80 egunean», Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren lehenengo lan luzea, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok zuzendutako «Mugaldekoak» filma (EITBrentzat telesail gisa ere sortua), eta «Simplemente», Jon Anduezak Down sindromea duten gazteen inguruan egindako dokumentala, ikusaraziko ditu.

Film luzeen erakusleiho izateaz gain, Zinemirak ekoizpen laburretan Euskal Herrian egindako ekarpenak ere azaleratuko ditu. Hala, Kimuak 2010 katalogorako hautatu diren lanetako batzuk ikusi ahal izango dira, nahiz eta emanaldiak sektoreko profesionalentzat bakarrik zuzenduak izango diren.

Zinemira saria, bigarrenez

Euskal zinemari eskainitako sail horren egunik garrantzitsuena, ordea, irailaren 22ak emango du, Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Galarekin. Bertan, Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako «Debekatuta dago oroitzea» filma estreinatzeaz gain, bigarrenez, Zinemira saria banatuko da. Iaz, Imanol Uriberi egokitu zitzaion omenaldia, aurten Alex Angulo aktore bizkaitarrak jasoko du, euskal zinemagintzan duen garrantziagatik eta bertan egindako ibilbidea nabarmentze aldera. Alex Angulok (Erandio, 1953), 1971n hasi zuen bere ibilbidea antzezle gisa Bilboko Comics de la Legua antzerki talde independentearekin. 1980an, Karraka taldean sartu zen. Zineman egin zuen lehen lana «Segoviako ihesa» (1981) izan zen, 2009ko Zinemira saridun Imanol Uribek zuzendutakoa. Alex de la Iglesia bilbotarrarekin «El dia de la bestia» egin zuen 1995ean eta, lan horri esker, aktore onenaren Goya sarirako izendapena jaso zuen. Antzerkian eta zineman egindako lanez gain, «Periodistas» telesailean parte hartu izanak ospe handia eman zion erandiotarrari. Aurtengoan, Sail Ofizialean Oscar Aibar zuzendariaren «El Gran Vazquez» filma aurkeztuko du.

Olacireguiren aburuz, Zinemirak «herri honetan egiten den zinemari maitasunezko begirada eskaintzen dio». «Euskal zinemari sail bat eskaintzea beharrezko konpromisoa da Zinemaldiarentzat eta, era berean, gure ekoizpenerako elkargune izan behar du», adierazi zuen. Zuzendariaren irudiko, «azken urteetan zinema espainolari buruz hitz egin izan da, baina euskal zineman kalitate handiko ekoizpenak egiten dira eta berebiziko garrantzia du bere aldeko apustua egiteak».

Zinemiran ikusaraziko diren egitasmoez gain, Zinemaldiko gainerako sailetan ere euskal zinemak emango du zer esana. Zabaltegin, esaterako, Mikel Rueda zuzendari gazteak Saturrarango espetxeari buruz filmatutako «Izarren Argia» film luzea estreinatuko da eta, Sail Ofizialean, Jose Maria de Orberen lana, «Aita», Astigarragan filmatua.

Europako Filmak, ohiko mugez harago

Europan sortzen diren film gehienak ez dira ohiko zinema-aretoetan ikusten, haien jatorrizko herrialdeetan ez bada. European Distributors: Up Next! programaren bidez, European Film Promotion (EFP) erakundea eta Donostia Zinemaldia Europako pelikulak beren mugetatik harago ikusi ahal izateko haiek nola sustatu aztertzen ari dira. Hala, irailaren 20 eta 21ean bi jardunaldi izango dira, Donostia Zinemaldiaren barruan.

Eztabaida horiek zuzentzeko, zinemaren industriako adituak gonbidatu dituzte. Horrela, aurtengo parte hartzaileen artean, Austria, Kroazia, Danimarka, Estatu frantsesa, Alemania, Grezia, Italia, Suedia eta Britainia Handiko film banatzaileen ordezkariak izango dira Donostian, Europan sortutako filmen banaketen norabideak aztertzeko. GARA

Marta Etura, la «Barbarella» de la Semana de Cine de Terror

La actriz donostiarra Marta Etura, ganadora este año del Goya a la Mejor Interpretación Femenina de Reparto por su papel en la película «Celda 211», protagoniza el cartel de la XXI edición de la Semana de Cine Fantástico y de Terror de Donostia, que se celebrará del 30 de octubre al 5 de noviembre.

Según informó ayer la organización en un comunicado, el cartel, en el que Etura aparece junto al modelo y futbolista alicantino Juan Ochando, es homenaje a la mítica película de ciencia ficción «Barbarella» (1968), de Roger Vadim, basada en el célebre cómic homónimo de Jean-Claude Forest.

La imagen reproduce una de las fotografías de rodaje más célebres del filme, en la que posan Barbarella (Jane Fonda) y Pygar, el «ángel ciego» (John Phillip Law), que han sido sustituidos en este caso por Marta Etura y Juan Ochando. GARA

BIKOITZA

Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariek parte hartze bikoitza izango dute; Zinemiran «Debekatuta dago oroitzea» eta «Sagarren denbora» dokumentalak aurkeztuko baitituzte.

EUSKAL EKOIZPENARI

Zinemirak azken urtean Euskal Herrian sortutako ekoizpen garrantzitsuenak hartzen ditu bere baitan, film luzeak zein motzak eta, aurten, bigarrenez banatuko da izen bereko saria; iaz Imanol Uribek jaso zuen eta irailaren 22an egingo den galan Alex Angulo antzezleak eskuratuko du.

Fitxa

Saila: Zinemira.

Estreinaldiak: «Debekatuta dago oroitzea», «Amerikanuak», «Musika Plaza», «Sagarren denbora», «Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka».

Urteko ekoizpenak: «80 egunean», «Mugaldekoak», «Simplemente».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo