GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Kontxako sailkapen estropada

Negar egitea tokatuko zaio bati baino gehiagori

Gaur arratsaldean banatuko dituzte iraileko lehen bi igandeetan Kontxan arraun egiteko eskubidea ematen duten zazpi txartelak. Sailkapena oso garesti egongo da Donostian bilduko diren 24 traineruentzat.

p033_f01_333x333.jpg

Asier AIESTARAN

Iritsi da traineru denboraldiko egunik politena eta urduritasun handienekoa. Kantauri itsasoko 24 traineru onentsuenak Donostiako portuan bilduko dira datozen bi igandeetan, Kontxako Banderan parte hartzeko banatuko diren zazpi txartelen bila lehiatzeko. Sailkapen estropada 18.00etan hasiko da, eta traineruek bi multzotan banatuta ekingo diote ohiko erlojuaren aurkako borrokari. Ohiturari eutsiz, Donostiarra zuzenean sailkatuta dago.

Hauexek dira gaur uretaratuko diren traineruak. San Miguel Ligako hamabiak -Urdaibai, Orio, Pasai Donibane, Castro, Pedreña, Astillero, Tiran, San Pedro, Hondarribia, Kaiku, Zumaia eta Zarautz-; KAE-1 Ligako sei -Santurtzi, Camargo, Isuntza, Zierbena, Deusto eta Trintxerpe-; KAE-2 Ligako bi -Getaria eta Hibaika-; Galiziako Ligako hiru -Amegrove, Meira eta Chapela-; eta Asturias aldetik iritsiko den ohiko ordezkaria -Nautico de Luanco-.

Urtero gertatzen den bezala, zaleak aspaldi hasiak dira beren kinielak egiten, eta estropadak bakoitza bere lekuan jarriko duen arren, lauzpabost talderen sailkapena nahikoa segurutzat eman daiteke. Multzo horretan sartuko litzateke Kaiku, egungo txapelduna eta Ligaz kanpoko estropada guzti-guztiak -Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak barne- irabazi dituen trainerua.

Kortaren mutilekin batera, Urdaibai kokatu beharko litzateke. Bermeotarrak ez dira historikoki finegi aritu izan Kontxako badian, baina San Miguel Ligan erakutsitako maila aparta -liderrak dira eta zazpi estropada irabazi dituzte, azken lauretatik hiru- egon litezkeen zalantzak uxatzeko argumentu ona da.

Bi bizkaitarrekin batera, eta ziurtasun mailak pixka bat behera egiten duen arren, San Miguel Ligako ohorezko postuetan dauden taldeak aipatu behar dira. Orio, Ligako bigarren sailkatua eta Kontxan garaipen gehien lortu duena, zein Castro, etxean jokatutako azken estropadan sekulako erakustaldia eman berritan iritsiko dena, izan litezke aukera gehien dituzten beste bi traineru.

Pasaitarren aukerak

Zazpiko zerrenda osatzerakoan, zalantzan egon daitezkeenetako bi pasaitarrak dira. Badirudi Pasai Donibanek lanak oso ongi egin dituela. Denboraldi hasieran mailari eustea zen helburua, eta hori aise lortu zuten hasiera-hasieratik. Lehen zati horretan, bandera bat irabaztea ere lortu zuten Moañan. Etxeko lanak ongi beteta, Kontxara begira egon dira azken asteetan, 2005az geroztik ez baitira sailkatu urteko hitzordu garrantzitsuenerako. Erreferentzia bat bilatzearren, aurreko asteburuan emaitza onak lortu zituzten Orion eta Castro Urdialesen.

Ez dago horren argi San Pedroren kasua. Moreek ere sailkapen onak lortu dituzte azken estropadetan, baina «Libia» gogor borrokatu beharko da maila oso paretsua duten beste hiruzpalau trainerurekin. Itsaso zabalean bikain moldatzen den Hondarribia, Kontxan bere onena eman ohi duen Pedreña, gogo bereziarekin iritsiko den Astillero, edota egun bakarrera sekulakoak egiten dakien Tiran ez dira zazpigarren postu horretatik oso urrun ibiliko.

Horrenbesteko eragina izan dezakeen itsasoaren egoerari buruz, badirudi metro inguruko olatu garbia ibiliko dela Donostiako kostaldean, baina haizeak gogor jo dezake tarteka. Ibilbidea hiru itsas miliakoa izango da (5.556 metro) eta estropada ziaboga bakarrera jokatuko dute. Traineruak minutuko tartearekin irtengo dira eta proba amaitu bezain laster, iganderako txanden zozketa egingo da sailkatuen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo