Ikasturte politikoaren hasiera
EHBai «alternatiba politiko argia» izan dadin proposatu du Batasunak
2011n Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan izango diren hauteskundeei begira, Euskal Herria Bai koalizioaren aldeko apustua berresten duela jakinarazi zuen atzo Batasunak, eta Eusko Alkartasuna eta Abertzaleen Batasuna erabaki hori hartzera deitu zituen. Halere, hauteskundeetatik at, «irekitzen den fase politikoari begira», EHBai egonkortzea eta Ipar Euskal Herriarentzat «alternatiba politiko abertzale» gisa indartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen.
Ainize BUTRON | BAIONA
Ikasturte hasiera izaten da sartze politikoa egiteko momentua ere alderdi politikoentzat. Batasunak, Xabi Larralde eta Maite Goienetxe mahaikideen bitartez, 2011n Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hamaika kantonamenduetan izango diren hauteskundeei begirako ikuspegia eman zuen atzo. Horretan, Batasunak, berriz ere, Euskal Herria Bai koalizioaren aldeko apustua egiten duela goraipatu zuen.
Abertzaleen Batasuna eta Eusko Alkartasuna alderdiekin osatzen du Batasunak EHbai koalizioa. Atzo bi alderdi horiei tresna horren alde egitera deitzeaz gain, EHBai indartu beharra dagoela nabarmendu zuten Xabi Larralde eta Maite Goinetxek. 2011ko kantonamenduetako hauteskundeak Batasunarentzat «hitz-ordu» garrantzitsua dira; «egoera politiko berezi bat bizi baitugu» gaur egun.
Alde batetik, Euskal Herrian «mamitzen ari den fase politiko berria» aipatu zuten bi bozeramaileek. «Fase politiko berri horren erdigunea abertzaleen arteko elkarlana da. Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian fase berri bat ireki behar dugu», esan zuen Xabi Larraldek abertzaleen arteko indarrak batzearen beharra goraipatuz.
«Baladur» deitu Estatu frantseseko instituzioen erreforma ekarri zuten gogora, bestalde, Batasuneko ordezkariek. «Erreforma gauzatuko da eta ondorioak izanen ditu Ipar Euskal Herrian; egungo tresnak zalantzan jarriak dira», argitu zuten.
Hautagaitza egonkortu
Erreforma horretan Estatu frantsesak Euskal Herria instituzionalki eta politikoki aitortzeko duen «nahikeria eza» nabarmena zela gehitu zuten, eta Estatuaren berrantolaketa horretan «Ipar Euskal Herriaren ukapena indarrean» zela salatu. Testuinguru politiko horrek bereziki aitorpen instituzionalari begira sortzen dituen erronkak kontuan harturik, eta 2011n hasi eta 2014ra bitartean gauzatuko den hauteskunde ziklo luzeari begira, «EHBai egonkortzeko, ondoko hilabeteetan, urrats bat aitzina» eman beharko dela esan zuen Larraldek.
«Euskal Herria Bai egoera prekarioan dabil, hauteskunde ezberdinetan bere hautagaitza zalantzan jarria baita. Hauteskunde zikloari eta eraiki beharreko fase berriari begira, kolpetik kolpera ibiltzeko egungo era hori alde batera utzi behar dugu», berretsi zuen.
Xabi Larralde eta Maite Goienetxerentzat EHBai «potentzial» handia erakutsi duen koalizioa da. 2008ko kantonamenduetako hauteskundeetan, izan ere, bozen %15 lortu zuen, jakinda alderdi guztien bozak bilduz aurrekoetan abertzaleek %10a eskuratu zutela. Boza aitzinatzeko eta indartzeko «tresna garrantzitsutzat» jotzen du, beraz, Batasunak koalizioa. Eta, ildo horretan, epe luzeko «alternatiba politiko gisa» kokatzea proposatu zuen.
Ezkertiar eta aurrerakoi
Alderdietatik kanpo, hauteskundeen eztabaida abertzale guztiei irekitzea ere aipatu zuen. «EHBai AB, EA eta Batasunean ez diren abertzaleen tresna da, beraz, hauteskundeen karietara izanen diren eztabaidetan Ipar Euskal Herriko abertzale ezkertiar eta aurrerakoi guztien parte hartzea bultzatu behar genuke», azpimarratu zuten.
Horrenbestez, EHBai indartzeko apustuari ekitea ibilmolde aldaketa dela goraipatu zuen Larraldek.
Helburua lortze aldera, gutuna helarazi diete ABri eta EAri. Gaiaren inguruan mintzatzeko datozen egunetan bilduko dira alderdi ezberdinekin.
Hamaika kantonamendu berritzea helburu izango duten ondoko hauteskundeak 2011ko martxoan izanen dira, eta azken egunotan, bereziki Abertzaleen Batasunak antolaturiko urteroko udako ikastaroen karietara, hauteskunde horiei begira gertatuko diren elkartzeak sartze politikoaren gai nagusi izan dira. Alderdi abertzale ezberdinek zer hautu eginen duten oraindik ere zehazteko dago. Eusko Alkartasunak Euskal Herria Bai-ren aldeko apustu argia egin badu ere, Abertzaleen Batasuna alderdiak erabakia ondoko urriaren 23an eginen duen urteroko biltzar nagusian emanen du. Izan ere, hiru egun iraun zuten udako ikastaroetan Abertzaleen Batasunak egun osoa antolatu zuen bere militanteek hauteskundeen inguruan eztabaida zezaten. Baina, egiten ohi duen bezala, erabaki zehatza militanteek biltzar nagusian hartuko dute bozketa bidez. EHBai koalizioan edo Berdeak alderdikideekin aurkezteko aukerak aipatu dituzte, besteak beste.
Atzo, Xabi Larralderi EAJ-PNB alderdia koalizioan sartzeko aukeraz galdetu zitzaion. «2007an, koalizioa abiatu zelarik lehen bileretan parte hartu zuen PNBk. Ondotik, bere kabuz utzi zuen. Geroztik EHBaik bere proiektu politiko soziala eta progresista mamitu du», argitu zuen, horrekin bat egin beharko lukeela nabarmenduta. Hala eta guztiz ere, aurreko hauteskundeetan jeltzaleek Ipar Euskal herriko «panorama politikoan finkatu nahi» zutela ikusi zela gogorarazi zuen, azkenik, Batasuneko mahaikideak. A. B.