GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Zazpi gezur, politika ekonomikoan (I)

Gobernu-gastuak bere zergapetze edo mailegu ahalmenak mugatzen dituela, gobernu-defizitaren ondorioz herritarrek zor-zama beren seme-alabei utziko dietela eta gobernuen aurrekontu-defizitak aurrezkiak kentzen dituela jendartean zabaldutako hiru gezur dira, Tobar-Arbuluk nabarmendu nahi dituen politika ekonomikoko zazpi gezurretatik lehen hirurak, hain zuzen, gaurko artikuluan azaltzen dituenak.

Lehen gezurra: Gobernu-gastuak mugatzen ditu bere zergapetze- edo mailegu-ahalmenak. Kontua da gobernu-gastatzea ez duela inongo diru sarrerak murrizten: ez dago inolako «kaudimen (solvencia) arriskurik». Gobernuak beti edozein ordainketa eta ordainketa guztiak egin ditzake bere monetan, defizitaren tamaina edozein delarik, edo zenbat zerga bereganatzen duen (http://moslerforsenate.com/wp-content/uploads/2010/06/7DIF.pdf).

Nola zergapetzen du gobernu federalak? Demagun zure zergak ordaintzen dituzula txeke baten bidez. AEBetako Gobernuak zure txekea bereganatu, gorde eta «konpentsatzen» duenean, Gobernuak egiten duen bakarra zure egiaztatze-kontuan zenbakia «beherantz» aldatzea da, zure txekearen kopurua zure banku-balantzetik kentzen baitute. Bereganatzen ote du ezer errealik Gobernuak beste bati emateko? Ez, ez dago inolako urrezko txanponik gastatzeko. Ez dago inolako txanponik Fed-en uzteko. Banku-kontuetako zenbakien aldaketa da -ez dago ezer «inora» joateko-.

Demagun zure zergak eskudirutan ordaintzen dituzula. Lehendabizi, zure dirua bulegoko zerbitzuan diharduen pertsonari, ordainketa gisa, luzatzen diozu. Gero, berak dirua zenbatzen du, eta zuri ordainagiri bat ematen dizu. Geroago, berak zure eskudirua birrintzeko makina batean botatzen du. Dirua deuseztatuta dago. Ez dago eskudiru horren erabilera gehiagorik. Autobus baten ticketa bezalaxe. Hortaz, baldin eta Gobernuak zure eskudirua, behin bereganatu eta gero, botatzen badu, nola ordain dezake eskudiru horrek gobernu-gasturako? Ez du ezer ordaintzen.

Hortaz, ez dauka inongo zentzurik pentsatzeak Gobernuak dirua bereganatu behar duela gastatu ahal izateko. Inongo kasutan gobernuak ez du ezer bereganatzen, geroago erabili ahal izateko. Beraz, baldin eta Gobernuak, zergapetzen duenean, ez badu ezer bereganatzen, nola eta zer gastatzen du gobernuak?

Demagun itxaroten ari zarela Gizarte Segurantzatik 2.000 dolar jasotzeko zeure banku-kontuan, non 3.000 dolar dauzkazun. Konputagailuko pantailan zeure kontua ikusten ari bazara, konturatuko zara nola Gobernuak gastatzen duen gastatzeko ezer eduki gabe. Bat-batean zure kontu-adierazpena, 3.000 dolarrekoa izan dena, orain 5.000 dolarrekoa da. Zer egin du Gobernuak zuri 2.000 dolar horiek emateko? Soilik zure banku-kontuan zenbakia aldatu du, 3.000tik 5.000ra. Ez du hartu ezelako urrezko txanponik eta zure konputagailuan sartu. Egin duen gauza bakarra izan da zure banku-kontuan zenbaki bat aldatzea, datu-sarrerak bere kalkulu-orrian eginez, zeina banku-sistemako beste kalkulu-orriekin loturik dagoen. Gobernu-gastatze osoa bere kalkulu-orriko datuak sartuz egiten da.

Fed-ek dirua ematen du (gastatu eta mailegatu) soilik banku-kontuetan zenbakiak aldatuz. Ez da behar «zergak» jasotzea (edo maileguz hartzea) kalkulu-orriko sarrera bat egiteko, zeina «gobernu-gastua» deitzen dugun.

Horrek ez du esan nahi, hala ere, Gobernuak nahi duen guztia gasta dezakeenik inolako ondoriorik gabe. Gain-gastuak prezioak goratu ditzake eta inflazioa puztu.

Bigarren gezurra: Gobernu defizitekin, gure zor-zama geure seme-alabei uzten diegu. Maila kolektiboan ez da posible horrelako zamarik. Zorra ala ez, gure ondorengoek kontsumituko dute beraiek ekoitz dezaketena.

AEBetako Gobernuak «diru mailegatzea» delakoa hartzen duenean, egiten duena hauxe da: Fed-eko egiaztatze-kontuetako fondoak Fed-eko aurrezki-kontuetara (Altxor Publikoko tituluak) mugitu. Izan ere, oraingo 13 x 1012 dolarreko zor nazionala Fed-en dauden aurrezki-kontuetako akzio-jabetza osoa besterik ez da.

Zer gertatzen da Altxor Publikoko tituluak ordaindu behar direnean, epe-mugan? Fed-ek soilik dolar balantzeak aldatzen ditu Fed-eko aurrezki-kontuetatik (Altxor Publikoko tituluak) Fed-eko egiaztatze-kontu egokietara (erreserba-kontuak). Ez dago ezer berririk. Horren sinplea da. Ez dago inolako arazorik hori egiteko.

Zor nazionala ordaintzeko, Gobernuak bi sarrera aldatzen ditu bere kalkulu-orrian: sektore pribatuak zenbat titulu daukan adierazten duen zenbakia aldatzen da eta Fed-eko erreserba-kontuetan zenbat AEBetako dolar gordeta egon diren adierazten duen zenbakia ere aldatzen da. Ezer gehiagorik ez. Zorra ordainduta dago. Hartzekodun guztiek beren dirua atzera daukate.

Hirugarren gezurra: Gobernuaren aurrekontu-defizitek aurrezkiak kentzen dituzte. Benetan gertatzen dena hauxe da, gobernu aurrekontua aurrezkiei gehitzen zaiela.

AEBetako edozein gobernu defizitek gainontzekoen (negozioak eta etxekoak, egoiliarrak eta ez-egoiliarra -«ez-gobernuko» sektorea deitzen dena-) akzioen (AEBetako finantza-aktiboak) gehitzea berdintzen dute. Gobernu-defizitek gainontzekoen «aurrezki monetarioen» gehitzea berdintzen dute, azken zentimoraino. Are sinpleago: gobernu defizitak gainontzekoen aurrezkiei gehitzen zaizkie (azken zentimoraino). Hori kontabilitateari dagokion factum bat da. Ez dago inolako eztabaidarik horretaz. Kasurako, joan den urteko Gobernuaren defizita 1.000 milioi dolarrekoa baldin bazen, horrek esan nahi du ezen gainontzekoen finantza-aktiboen aurrezkien gehitze netoa 1.000 milioi dolarrekoa izan zela, zehazki. Horixe da ekonomia ikasketetan lehen kurtsoan irakasten dena, kontabilitatezko identitate bat da. Hala ere, gaizki ulertzen da, erabat.

Ikus dezagun nola defizitak aurrezkiei gehitzen zaizkien, eta ez dituztela aurrezkiak bahetu: (a) Gobernuak 100.000 milioi dolar saltzen ditu Altxor Publikoko tituluetan. Tituluak enkantean saltzen dira. (b) Titulu horien erosleek ordaintzen dutenean, AEBetako Fed-eko egiaztatze-kontua 100.000 milioi dolarretan murriztuta daude, ordainketa egiteko. Fed-eko egiaztatze-kontuetako dirua Altxor Publikoko titulu berriekin aldatzen dira, zeintzuk aurrezki-kontuak baitira Fed-en. Puntu honetan, ez-gobernuko aurrezkiak aldatu gabe daude. Erosleek beren Altxor Publikoko titulu berriak aurrezki gisa dauzkate orain, eta ez beren egiaztatze-kontuetan zegoen dirua Altxor Publikoko tituluak erosi baino lehen. (c) Orain Altxor Publikoak 100.000 milioi dolar gastatzen ditu Altxor Publikoko titulu berriko 100.000 milioi dolarreko salmenta eta gero, Gobernuak bere dirua gastatzen duen ohiko zereginetan. (d) Altxor Publikoaren gastu hori 100.000 milioi gehitzen zaio norbaiten egiaztatze-kontuei. (e) Ez-gobernuzko sektoreak orain bere egiaztatze-kontuko 100.000 milioi eta Altxor Publikoko titulu berriko 100.000 milioi dauzka.

Horrenbestez, 100.000 milioi dolarreko defizit-gastuak zuzenean ez-gobernuko aurrezkiei gehitzen dizkie aurrezkiko 100.000 bilioi dolar (Altxor Publikoko titulu berrien eran).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo