GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak dioenez, 18.000 bat ikaslek jasoko dituzte «biktimen» testigantzak

Aurtengo ikasturtean begirada jarrita, «terrorismoaren biktimekiko enpatia sustatzea» du xede Lakuako Hezkuntza Sailak. Horretarako, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lehen zein Bigarren Hezkuntzako 18.000 ikaslek «biktimen» testigantzak jasoko dituzte ikasgeletan.

p016_f01_199x108.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Irailarekin, ikasturte berria heldu da, eta Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak, atzo, Gasteizko San Martin ikastetxean, hasiera eman nahi izan zion aurtengoari. Sailburuak «Eskola 2.0» proiektuarekin eta irakasleriarekin lotutako zenbait datu zabaldu zituen, eta jarraian, Hiritartasunerako Hezkuntza izeneko ikasgaiaren nondik norakoak azaltzeko erabili zituen agerraldiko minutu dezente. Celaak berak esan zuenez: «Ikasgai honekin, terrorismoaren biktimekiko enpatia sustatu nahi dugu ikasleen artean».

Orotara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 18.000 ikasle inguruk jasoko dute Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgaia, eta horren barruan landu beharko dute «terrorismoaren biktimekiko enpatia». Txikienen artean, «bizipenetan» zentratuko dira; eta, DBHko ikasleei dagokienez, aldiz, «hausnarketa karga» handiagoa eskatuko diete.

Ikasgaia helburu horretara bideratzeko asmoa Patxi Lopezen Gobernuaren «Bizikidetza Demokratikoaren planaren» baitan kokatu beharra dago. Uda baino lehen, hezkuntza komunitateak kritika negatiboa egin zuen Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgaiaren eduki berriaren gainean, besteak beste, salatuz, gai hori garatzeko orduan beren iritzia kontuan ez dutela hartu.

Atzo egindako agerraldian, ikasturte honetan ikastetxeetako geletan beren testigantzak ematen egongo diren «biktimak» zeintzuk izango diren ez zuen zehaztu Lakuako Hezkuntza sailburuak. Alabaina, Hezkuntza Saila eta Terrorismoaren Biktimentzako Arretako Zuzendaritza «balore pedagogikoa» duten testigantzak aukeratzeaz arduratuko direla argitu zuen Celaak. Horren harira, testigantzak aireratzen parte hartuko duten pertsonak «enpatiaz» arituko direla adierazi zuen, eta ez «filosofia politikoa» zabalduz.

Ikastetxeek aukeratuko dute testigantza horiek nola bideratu: «biktimak» ikasgelara bertara eramatea, edota testigantzak ikus-entzunezko euskarrien bidez zabaltzea, ikastetxe bakoitzaren esku utziko du Lakuako Gobernuak.

Batez ere «ETAren terrorismoa»

Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgaiaren bidez, «balore guztiak, ezer ahaztu barik eta inor baztertu gabe, sistematikoki landuko dira ikasgeletan», adierazi zuen Isabel Celaak.

Hezkuntza sailburuaren aburuz, «gero eta gehiago eskatzen diogu eskolari». Hala nola, «ikasleek arrazakeriari edota genero indarkeriari uko egitea», horregatik, gai horiek ere «Bizikidetza Demokratikoaren planetik» eratorritako edukiekin batera landu dituztela azaldu zuen. «Sufritzen duenarekiko enpatia izateko prestatu behar dira gazteak; eta, batez ere, ETAren terrorismoa pairatzen duenarekiko», argitu zuen Celaak.

hirueletasuna

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako berrogei ikastetxe hirueletasunaren proiektuan murgilduko dira aurten. Gaur bertan, Bilbon, hezkuntza esparru berri honi buruzko jardunaldiak irekiko ditu Isabel Celaak.

Ahalmen urriko 34 haur, ikasturtea hasi ezinik

Ipar Euskal Herrian gaur hasi den ikasturtean, ahalmen urritasunen bat duten 34 ume eskolaratzeko aukerarik gabe geratuko dira. «Baliabideak murriztu direla jakina da, baina, eskola oinarrizko eskubide bat da», nabarmendu zuen Handik kolektiboak. Alde horretatik, 2010-11 ikasturtean azken urteotan izan denik eta larriena da egoera, eta guraso guztiak «oinarrizko eskubide hori gauzatzeko» eskatzera deitu zituen kolektiboak: «Gurasoak eskoletara joatea deitzen ditugu, umeak klasean sartzea inposatzeko». Horrez gain, ehun bat familia erantzunaren zain daude, umeak eskolatzeko beharrezkoak diren baliabideak izango ote diren argitu bitartean; beraz, urtean zehar 34 haur horiei beste multzo bat gehituko zaiela aurreikusi du Handik-ek. Gurasoei beren eskubideei buruz informatzeko eta, egoerari erantzun bateratua emateko, irailaren 24rako bilera antolatu du kolektiboak. Iaz zazpi umeren kasua zela-eta egin bezala, prozedura juridiko bat abiatzea da Handiken xedea. «Ekainaren 4an eman zuen ebazpena epaileak eta irabazi egin genuen. Nahi dugu Hezkunde Nazionalak egiten duen lege urraketa horren ezagupen bat izatea, eta familiei laguntzea». A.B.

«eskola 2.0»

«Eskola 2.0» proiektuaren garapenaz mintzatu zen atzo Gasteizko agerraldian Hezkuntza sailburua. Aurten, 19.000 ordenagailu gehiago banatuko dira Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo