Gazta eta barazki txapelketak Plentzian, Euskal Herriko azokarik zaharrenean
Uda hasi zenetik jairik jai ibili diren arren, sanandolinak dira plentziarren jai garrantzitsuenak, bai iraupenari bai egitarauari dagokionez. Izan ere, astelehenean hasi ziren eta igandera arte iraungo dute. Datozen asteazken, ostiral eta larunbatean ere izango dira ekitaldiak. Hala ere, ekitaldi nagusia atzo ospatu zuten nekazaritza eta ganadu azoka da, aurten 118 urte bete dituena. Baserritarren hitzordu horrek Bizkaiko salerosketa gune bilakatu zuen udalerria.
Nagore BELASTEGI
Plentziako nekazaritza eta ganadu azokak 118 urte bete ditu aurten. Uribe Kostako herri honek betidanik izan du baserritar tradizio zabala, baina azkenaldian produktu freskoak eta kalitatezkoak lortzeko dauden zailtasunak direla-eta, gero eta jende gehiago hurbiltzen da parte Euskal Herriko azokarik zaharrera.
Nahiz eta abere gehien biltzen dituen ganadu feria ez den, zaldi, behi eta oilo ugari zeuden salgai atzo. Baserritarrak izan ziren etekin handiena atera ahal izan zutenak, euren artean hitz eginez tratu onak lortu baitzituzten.
Barazkien salmahaiak izan ziren azokako atalik arrakastatsuena, saldu eta saldu aritu baitziren. Suso Espinosa Plentziako Kirol, Jai eta Osasun arloko zinegotziaren esanetan, bertako produktuak, eta oro har euskal produktuak, oso kalitate onekoak dira eta jendeak ez du horiek erosteko aukera askorik izaten.
Hori dela eta, herritarrek horrelako azokak aprobetxatzen dituzte baratzetik zuzenean jasotako barazkiak erosteko. Herritar askok saskia bete sagar edo babarrun joan ziren etxera azokan goiz osoa eman ondoren. Antolatzaileek espero bezala, feria oso jendetsua izan zen.
Mota honetako azokak produktuak saltzeko baliagarriak izateaz gain, sariak lortzeko ere balio dute. Epaimahaiak irabazleak nortzuk ziren erabakitzen lan zaila izan zuen, baina azkenean gazta txapelketako lehen saria Abadinoko Atzarte baserriak eraman zuen. Barazkien saria, aldiz, Urdulizko Adela Handikoetxeak.
Nekazaritza eta ganadu azoka 10.00etan hasi zen eta goiz osoan iraun zuen. 12.00etan, III. Euskal Jantzien Txapelketa egin zuten. Arratsalde partean mozorro desfilea egin zuten, haur eta familientzat. Gauean, 21.00etan, helduek mikrofonoa eskuan hartuta ondo abesten zuten planta egiteko aukera izan zuten play back lehiaketan.
Egun handia badator
Gaur Andolin Deunaren eguna ospatuko dute. Buruhandi, dultzainero eta txistulariekin kalejira egin ondoren, 11.30ean, zaindariaren omenezko meza izango da. Amaitzen denean ohorezko aurreskua dantzatuko diote.
19.00etan, txikiek Betizu eta Lehartza taldeekin dantzatu ahal izango dute. 20.00etan, berriz, txerri errea dastatzeko aukera izango dute plentziarrek. Ekitaldi ugariz beteriko egunaren ondoren, 23.00etan, koloretako suak eta musika uztartzen duten ikuskizuna izango da, eta hori amaitutakoan, Luhartz musika taldeak dantzaldia eskainiko du.
Aste osoan Urrezko Espartina saria lortzeko hainbat aukera izango dituzte koadrilek, larunbateko koadrilen olinpiadak, esaterako. Azken sari banaketa igandean izango da, 19.30ean.
Gazteek musikarekin eztanda egiteko aukera izango dute asteburuan. Ostiral gauean El Mentón de Fogarty taldea arituko da Ontziola plazan, eta larunbatean, gau osoan, Disc Jockey saioa izango dute.