Gastu publikorako aurrekontua handitu nahi du Manilak, pobreziari aurre egiteko
GARA |
Benigno Aquino, kargua hartu berri duen presidente filipinarra, Parlamentuari zuzendu zitzaion atzo, gastu publikoetarako aurrekontuetan 6,8 puntuko igoera xumea onartzen lagun diezaioten, AFP agentziak aditzera eman zuenez.
Aipatu eskakizunaren helburua, Aquinok berak adierazi zuenez, filipinar txiro eta behartsuenen bizi baldintzak hobetzen laguntzea da.
Izan ere, artxipelago honi buruzko estatistikek ez dute zalantza izpirik uzten: azken datuen arabera, 92 milioi filipinarren herena eguneko dolar bat baino gutxiagorekin bizi da.
Aurreneko pausoak
Aquinok iragan ekainaren 30ean hartu zuen Filipinetako presidente kargua eta, hauteskunde kanpaina osoan egin zuen legez, ustelkeria borrokatzeaz gain, herrialdeak pairatzen duen pobrezia gutxitzeko konpromisoa berretsi zuen kargua zin egin zuenean.
«Ustelkeriarik ez bada, ez da txirorik izango. Ez da hauteskunde garaiko mezu huts bat. Herrialdea pobreziatik aterako dut», hitz eman zuen orduan, eta atzokoa bide horretan lehen pausoa izan daiteke.