GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaizkibel konpainiak hamabosgarrenez ekingo dio, alarde parekidearen alde

Emakumeak soldadu gisa onartzen dituen Jaizkibel konpainiak atzo abiatu zituen entseguak Hondarribian, Udalaren hamaika oztopo gainditu ostean. Hamalau urte daramatzate borrokan baina gauzak ezer gutxi aldatu dira, eta erakundeei egotzi diete horren ardura.

jaizkibel.jpg

Oihana LLORENTE

Hondarribiko emakume ugarik herriko jaiak parekideak izan daitezen hamabosgarren saiakera egingo dute datorren asteazkenean. Emakume zein gizonak soldaduz jantzi, txilibitua, danborra edo eskopeta hartu, eta herrian barrena ibiliko dira. Jaizkibel konpainiaren kontrakoek aurten zer-nolako moldez hartuko dituzten ez dakite, izan ere, plastiko beltzarekin, Disney maskarekin edota aterki beltzekin hartu izan dute emakumeen desfilea, tentsio une handiak eraginez urteetan.

Denborak aurrera egin arren, Alardearen afera ez da inolaz ere konpondu, eta Jaizkibel konpainia kexu da erakundeek ez dutelako ezer egin berdintasuna ahalbidetzeko. «Hondarribiko Udalaren jarrera pasiboa baino, oztopatzailea da», adierazi dio GARAri Elizabeth Olaskoaga Jaizkibel konpainiako kideak.

Horren adibide, konpainiaren entseguekin gertatutakoa ekarri du gogora. Entseguak ertzainez inguratuta egin beharrik ez izateko, baimena Lakuako Barne Sailari eskatu beharrean Udalari eskatu dio aurten Jaizkibel konpainiak. Horrek entseguak arratsaldeko lauretan ezarri nahi izan dizkie, ordea, eta Udaltzaingoak gaitasunik ez duela aitzakia hartuta, Ertzaintzaren begiradapean entseatzera behartu nahi ditu emakumeak; bien bitartean, alarde pribatuko konpainia guztien entseguak arratsaldeko azken orduan izaten ari dira.

Udalaren jarrera ikusita, baimen eske Lakuara jo du Jaizkibel konpainiak, eta ertzainez inguratuta bada ere, atzo abiatu zituen entseguak, 20.00etan. Gaur eta bihar ere hala arituko dira San Juan de Diosetik.

Afixen zentsura

Hori ez da Udalarekin izan duten buruhauste bakarra. Gipuzkoako Aldundiak jai parekideen aldeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako udalerri guztietan; alta, kanpainako afixa horiek ez dira ez Hondarribian, ez Irunen ageri. Jaizkibel konpainiakoek triptiko horiei buruz itaundu dute Hondarribiko Udala, baina kartelak ez dituela aurkitzen erantzun du horrek.

Arazo horiek gorabehera, eta «utzikeriak utzikeria» Jaizkibel konpainiak bere hamabosgarren saiakera egingo du asteazkenean, 7.50ean eta ez dutela etsiko ohartarazi dute.

txilibitu tailerra

Azken egunotan haur eta gazteentzat txilibitu tailerrak antolatu ditu Jaizkibel konpainiak. Bertan 24 neska-mutilek parte hartu dutela-eta, pozik dira, «etorkizuna gurea izango delako», dio Olaskoagak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo