GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Erremontea Buruz buruko finala

Ibilbide oparo bat biribildu edo berri bati hasiera eman

Koteto Ezkurrak bere hamargarren txapela bilatuko du, gaur palmaresa estreinatu nahi duen San Miguelen aurka, doneztebarren arteko finalean.

p038_f01_333x333.jpg

Jon ORMAZABAL

Txapela Doneztebera itzuliko dela gauza jakina denez -nahiz eta San Miguel azken urtean Errezilen bizi-, gaurko final handiak Koteto Ezkurraren ibilbide oparoa hamargarren txapelarekin biribiltzea edo Julen San Miguel gazteak bere palmaresa estreinatzea ekarriko du. Sekula jokatu ez den final honek belaunaldi aldaketa ekar lezake, edo kirol honen mitoaren baieztapena (17.00, ETB1).

Txapelketa ekainean hasi zenean inor gutxik espero zuen gaur arratsaldean bi doneztebar hauek finalean egongo zirenik, baino inork ez du esango merezimendurik gabe heldu direla txapelaren atarira. Ezkurrak egungo txapelduna den Urrutia kanporatu zuen finalerdian eta final-laurdenetan Patxi Zeberio txapelketatik at utzi zuen atzelari gazteak.

Pronostikoetan beteranoa aterako da faborito. Koteto Ezkurrak ez du bere ibilbide emankorra bere hamargarren txapela jantzi gabe bukatu nahi, eta ondo daki, 37 urterekin, aukerak gero eta urriagoak izango direla. Gaurkoa hamahirugarren finala izango du.

Azken urteetan nahi bezala jokatzea eragotzi dioten arazo fisikoak ahaztuta, inoiz baino gogo biziagoz itzuli da kantxara eta banakako lehian aspaldian erakutsi ez zuen mailaz gainera. Garai bateko abiadura eta grina ez dituen arren, sakearekin asko hobetu du, eta egungo pilotaririk osoenetakoa dugu Doneztebeko aurrelaria. Urteek aurrera egin ahala, sakearen behar handiagoa izan du, denbora eta kontzentrazio gehiago eskaintzen dizkio lehen pilotakadari eta sekulako triskantzak egin ditu aurtengo txapelketan; Urrutiari esaterako, 16 tanto.

Txapelketako lehen partidan, Etxabe II.aren aurkakoan izandako lesioak azken urteetako mamuak piztu bazizkion ere, oso ondo bizkortu da eta finalean sartzea lortu du.

Ezustekoa

Koteto Ezkurrak bere bosgarren txapela jantzi zuen egunean, 12 urterekin zapaldu zuen lehen aldiz Julen San Miguelek Galarreta. Orain, 23rekin, finalean debuta egingo du partida bat irabaztea lortu duen lehen txapelketan. Aurtengo ediziora arte, ez zuen gaitasun handirik erakutsi buruz burukoan, baina aurten jokatutako lau partidak irabazi ditu. Lehen kanporaketan Urtasun kanporatu zuen, final-laurdenetan sekulako ezustekoa eman zuen Zeberio gaindituta eta ligaxkan Juaristi eta Uterga gainditu zituen.

Azkenean, binaka erakutsitako hobekuntza buruz burukora eraman ahal izan du eta dagoeneko bere kolpea eta indarra erabiltzeko gai da. Errekurtso handien jabe da atzelari gaztea eta orain, partida osoan zehar kontzentrazioa mantentzen jakitea eta partidatik erraz ez irteten ikastea falta zaio agian. Koteto Ezkurrak ondo ezagutzen du eta ondo daki hori, eta ziur probetxu ateratzen saiatuko dela beteranoa.

Agian horrexegatik, halako partida handietan duen esperientzia horregatik, dirua Koteto Ezkurraren alde aterako da, nahiz eta alde handirik ez den izango momioetan.

Ezkurra

«Oso lasai nago eta ez nago batere obsesionaturik hamargarrenarekin. Julenek asko jokatzen du, boladaka jokatzen du eta haizea alde duela oso arriskutsua da».

San miguel

«Badakit oso zaila izango dela, baina lasai irtengo naiz, Zeberioren aurka egin nuen bezala. Egun horretan sekula baino lasaiago irten nintzen eta horrek nire partidarik onena jokatzen lagundu zidan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo