GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Kuban ez dago maputxerik

Idatzita dago gidoia. Pinochetek mendeetako astakeriak baieztatuz berridatzi zuen eta diktaduraren ondotik etorritakoek ez dute legedia aldatzeko astirik izan, baina maputxe indigenen lur eta ondareak lapurtzeko plan berriak egiteko bai

Nazkatu arte hitz egin ziguten Kubako preso batzuen gose grebaz. Nazioarteko kanpaina zabal eta trinkoa egin zuten Kubako Gobernuaren kontra, preso horiek aska zitzan, eta helburua lortu zuten, nahiz eta haien kontrako akusazioak oso larriak ziren. Izan ere, gauza bat da gobernuaren aurkako iritzia zabaltzeagatik preso egotea, eta beste bat, kanpoko eraso estrategia batean parte hartzea. Kontzientzia presoak ziren, pentsamendu bakarraren arabera, eta gauzak horrela, inperioa eta inperiokideen tresneria abian jarri zen, heroi gisa aurkezteko. Ez digute deus esan haien kontrako akusazioez: Kuba diktadura da eta jendea ezberdin pentsatzeagatik kartzelatzen dute. Hori da bertsio ofiziala.

Esanguratsuki, lagun batek aipatzen zidanez, «kontzientzia preso» hauetariko batzuek, estatu espainolera iritsi bezain laster, Kuban Estatuak bermatzen dituen hainbat baldintza eskatu zituzten, ahantzita hainbeste maitatzen zituzten «demokrazia» hauetan ez dagoela halakorik.

Kubako askatasunaren aitzindari hauek ez bezala, maputxe indigenak, berriz, benetako terroristak dira. Horiek ez dute lagun boteretsurik munduan, nonbait. Haiendako ez da astindu inperioaren komunikazio armada. Ez dago ekimen diplomatiko esanguratsurik. Ez daude munduan agintzen dutenen agendan, ez bederen elkartasuna merezi dutenen zerrendan.

Bestelako agenda batean daude, alta. Errepresioa merezi dutenen liburuan atal berezia dute Ameriketako indigenek. 500 urteko sarraskiak ez dira aski izan eta XXI. mendean ere zapalkuntza, lapurreta, txikizioa eta kolonizazioa jasan behar dituzte. Presioaren aurrean belaunikatzen ez den orok, gainera, botereen makila dastatzen du. Hori baita bere lurra maite duenaren saria.

Euskaldunak eta maputxeak, hori nahasketa arriskutsua!, pentsatu bide dute batzuek Txilen, Asel Luzarragaren auzian antzematen ari garenez. Idatzita dago gidoia. Pinochetek mendeetako astakeriak baieztatuz berridatzi zuen eta diktaduraren ondotik etorritakoek ez dute legedia aldatzeko astirik izan, baina maputxe indigenen lur eta ondareak lapurtzeko plan berriak egiteko bai. Maila horretan nabarmena da modernizatzeko gaitasuna. Betikoa egiteko, jakina, baina inoiz baino era gogorragoan.

Duela 200 urte hasi ziren espainiar inperioaren menpeko herrien independentzia prozesuak. Hainbat lekutan ospatzen ari dira data hori eta Euskal Herrian ere erreparatuko zaio, biziki inportantea baita, are gehiago guk ere independentzia behar eta nahi dugularik. Kasu batzuetan, berriz, independentziarik gabe jarraitzen dute kolonizatzaileak iritsi zirenean han bizi ziren herriek. Menpekotasuna luzatu eta berritu duen independentzia izan da batzuendako Txilekoa, adibidez. Jabe aldaketa gisa hartu dute herri batzuek.

Urteurren honek, independentziaren balio eta komenigarritasunaz hitz egiteaz gain, konpondu gabeko arazoak mahai gainean jartzeko balio beharko luke. Eta ez ahazteko inperioaren propagandak ezkutatu nahi duenari erreparatu behar zaiola, batez ere, hor baitaude mundu honetako injustiziarik handienak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo