GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iñaki MartInez-Apezetxea Bilbao Lehen Hezkuntzako irakaslea

Hezkidetza: erronka

Ikasturte berria hastear dugu. «Hezkidetza, XXI. Mendeko Erronka»: Hau izan da Clara Perez parekidetasun eragileak uda honetan zuzendu duen ikastaroaren izenburua. Eta hezitzaileon artean kontsentsu zabala dago erronka honen alde, hezkidetzaren alde. Lan asko dugu lortu arte hezkidetza lehentasuna izatea Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ikastetxe guztietan!

Hezkidetza pertsona bakoitza gure banakotasun eta berezitasunekin heztea da, irizpide sexistak jarraitu gabe. Bakoitza da pertsona izateko eredu bakarra eta errepikaezina. Pertsonaren garapen integrala lortu nahi dugu.

Bilatzen dugu, denontzat: pertsona autonomoak izatea, gure bizitza proiektuen jabe izatea, hurbileko inguruarekin bizikidetzan egotea eta behar ditugun gaitasunak garatzea. Nahi dugu pertsona bakoitzaren nortasuna ahalik eta libreen garatzea, feminitatearen eta maskulinitatearen ereduari lotua egon gabe.

Antolatzen ditugun ekintzetan- eta bakoitzari bere osotasunean sentitzeko aukera eman nahi diogu, eta horretarako, genero rol eta estereotipoak ez ditugu behar.

Bestalde, argi ikusten dugu pazientzia, komunikatzen jakitea, entzuten jakitea, detaileak zaintzea, indarra, ausardia, kemena, makinak erabiltzea... pertsona guztien ezaugarriak direla. Kontsentsua dago, baita ere, jostailu eta jolasen inguruan: adituei esker aspalditik badakigu jostailuek eta jolasek ez dutela sexurik, sexua guk ipintzen geniela eta bultzatzen ditugu jolas eta jostailu ez sexistak, laguntzen dutenak pertsona moduan osotasunean garatzen, gaitasun anitzak bultzatuz...

Eta zer da irakasle hezitzaileok behar duguna hezkidetza aurrera eramateko?

Prestakuntza: ikasten jarraitu dugu feminismoari buruz, sexu-genero sistemari buruz, hezkidetzari buruz...

Jarrerak aldatzea/hobetzea: nola?, hausnartuz, behatuz, nork bere burua kritikatuz, egoera berriak probatuz...

Azkenik, hezkuntza sistema aldatzea/hobetzea: eragile guztien parte-hartzea eta inplikazioa bultzatuz, indarrak batuz, feminismoan oinarritutako proiektuak sortuz, metodologia eta material berriak sortuz, malgutasuna bultzatuz...

Konklusio gisa, esan dezakegu hezkidetza eguneroko erronka dugula, ikastetxeetan eta gure bizitzetan: asko ikasi nahi eta behar dugu, merezi du-eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo