GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Jokin Ormaetxeari

Markel IRIZAR | Radio Shack taldeko txirrindularia

Sevillan hasi zen lasterketak, «beroaren bidea» jarraitzen du, eta Andaluzian zehar ibili eta gero, Murtzian barrena doa iparralderantz. Jada zazpi garaile ditugu, eta tartean euskal txirrindulariek erdietsitako garaipen bat.

Baina, aurrez esan bezala, etxetik idazteko kontu honek, lasterketatik egiteak baino zailtasun handiagoa ematen dit. Lasterketa barruan gertatzen diren pasadizo eta txutxumutxuen berririk ez dudanez, neure entrenamenduetan, idatziko dudan zutabearen haria pentsatzen ibiltzen naiz. Beti txirrindularitzaz idaztea gustukoa ez dudanez, gaur, orain urte batzuetatik hona neukan zor moral bati buruz mintzatuko natzaizue.

Nire amak betidanik esan izan ohi du, zor bat izaten dugunean, ekonomikoa ala morala izan, ordaintzen duenak atseden hartzen duela, eta zorra kitatu eta zor zaiona jasotzen duenak berriz, atseden bikoitza hartzen duela.

Ba, beste askotan bezala, gure amak oraingoan ere arrazoia eduki du.

2002. urtean, kimioterapiako azken tratamendua hartu eta gero, Gorlako igoera ikusten nenbilela, lasterketaren garailea izan zen Jokin Ormaetxeak, nolako une latzak pasatzen nenbilela ikusita, garaipen hura eskaini zidan.

Handik bi urtera, minbizia gainditu eta biok profesionaletan ginela, zorigaiztoko auto istripu baten erruz galdu genuen Jokin.

Haren hileta elizkizunaren egunean, bere gurasoei zin egin nien, noizbait lasterketaren bat irabazten banuen, Jokini eskainiko niola. Azken sei urteotan, milaka aldiz galdera egin diot neure buruari, ea gai izango ote nintzen egun hartan eman nuen hitza betetzeko, profesional mailan garaipen bat lortzea ez bainuen oso erraza ikusten.

Baina zorretan sentitzen nintzen Jokinekin eta haren familiarekin, eta sekula ere ez dut esperantza galdu. Eta azkenean, halako batean, iritsi da horrenbeste denboran desiotako eguna.

Barruan dudan korapiloa askatzeko ordua iritsi da, eta nahiz eta garaipen xume bat izan, dagoen tokian dagoela, neure sentimendu eta maitasun guztiarekin Jokinekin dudan zorra kitatu, eta berari eskaini nahi diot. Ez dakit nire amak esaten duen moduan, Jokinek atseden hartuko duen, baina ni behintzat neure buru eta kontzientziarekin bakean geratu naiz. Urteetan neure barruan eduki dudan gauza bat izan da eta azkenik patuak, zorteak edo batek daki zerk lagunduta, eman nuen hitza betetzeko aukera eduki dut.

Bukatu baino lehen, Ormaetxea-Badiola familiari esan nahi nioke, Jokin falta zaigula urte batzuk bete diren arren, jakin dezatela, Jokin maite genuenok ez dugula inoiz ere ahaztuko.

Besterik gabe, bere lagunei, familiari eta Azkoitiko herriari, besarkada bero bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo