GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Donostiako Zinemaldia ate joka, programazio oparo eta anitza eskaintzeko prest

Zinemazaleak ate joka dagoen Zinemaldiaren aurtengo edizioren zain daude, eta dagoeneko jakin dute programazioaren berri. Aurten ere krisi ekonomikoak markatuta, edizio honek ez du izarren arrandia ekarriko, ez da hori haren ezaugarrietako bat. Hala ere, eskaintza oparo eta anitza izango da, begirada desberdinak bilduko dituena, zinemazaleak «bere filma aurkitu dezan», eta Europako zinema eta ez fikziozkoa nagusi izango dira. Donostiako 58. Zinemaldia, halaber, Mikel Olaziregiren zuzendaritzapeko azkena izango da, bere kargua utziko baitu. Bidezkoa da haren eta beraren taldearen lan ondo egina aitortzea, Zinemaldiari emandako oreka eta betiere kalitateari lehentasuna eman izana. Baina, Olaziregiren agurra deitoratzeko edo zalantza eragiteko modukoa izan bazitekeen ere, ordezkatuko duena Jose Luis Rebordinos dela jakitea aldaketa lasai hartzeko arrazoia da. Izan ere, Rebordinos «etxeko» gizona da eta, gainera, eskarmentu handikoa, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen zuzendaritzan urte askoan jardun ondoren. Espero izatekoa da zuzendari berriak bere arrastoa utziko duela Zinemaldian, baina ondo egindako lanaren jarraipenak bermatuta dirudi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo