GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mamarigan aurrera doaz jaiak, gustu guztientzako ekitaldiz gainezka

Nagore BELASTEGI

Santurtziko Mamariga auzoa jai giroz jantzi zen atzo eta hala jarraituko du datorren igandera arte. Nahiz eta egun asko izan, ederki dakite festei etekina ateratzen eta egun guztietarako prestatu dituzte ekitaldiak, inor etxean ez gelditzeko. Aurten, gainera, auzotarrek plaza erabil dezakete berriro, Bilboko metroarekin lotzeko instalazioen lanak amaitu dira-eta. Mamarigako auzokideek lan handia egin dute euren jaiak aurrera eramateko eta urtez urte hobeak izateko.

Abuztua amaitu ondoren jendea lanera edo klasera itzultzen da, baina Mamarigan ikasi dute iraila alaitasunez hasten, hain ondo prestatzen duten ospakizunari esker. Horregatik, Jai Batzordeak eta Bertso Eskolak pregoia irakurri ostean, umore onez betetako hamar egunetan murgildu ziren.

Antolatzaileen helburua adin guztientzako jai parte-hartzaileak prestatzea izan da eta, urtero bezala, lortu dute. Larunbatean haurrentzako puzgarriak, gazteentzako poteo eta herri bazkaria eta helduentzako dantzal- dia eta bazkaria izan ziren.

Marmitako lehiaketa egin zuten atzo, eta arrantzale eta sardina saltzaileei omenaldia egin zieten. Gainera, goizean umeentzako jolasak izan ziren.

Gaur ere arratsaldetik hasita martxa berdinarekin jarraituko dute. 17.00etan pala txapelketa izango da frontoian. 18.00etan haurrentzako ludoteka hasiko da Txiki-Gunean eta joko herrikoiak egingo dituzte txosnagunean. Helduen koadrilek ere jolastu ahal izango dute joko herrikoietara. Horien txanda 20.00etan izango da.

Bihar 17.00etan pala txapelketa izango da, gaur jo- katu ezin duenarentzat. Partidak jokatu bitartean txiki-gunean ludoteka eta maskara eta margoen tailerrak izango dira. 18.00etan Lau-Bide tabernan «Hor dago!» mus txapelketa egingo dute, eta ordu erdi geroago futbito txapelketa hasiko da. Ordu berdinerako auzoko plazan herri kirol txikiak antolatu dituzte. Bertan haurrek arraun eta irrintzi txapelketetan parte hartu ahal izango dute. 19.00etan Balejon igel txapelketa hasiko da, eta 20.00etan koadrilentzat herri kirolak izango dira, lagun taldeak norgehiagokan ibil daitezen.

Asteazkenean goizago esnatuko dira mamarigarrak, 12.00etan Itsasoko Ama Birjinaren elizan meza nagu- sia emango dutelako. Amaitzen denean txistularien kalejira hasiko da auzoko kaleak alaitzen. Bazkalostean, 16.30ean, umeen arteko apar-borroka hasiko da plazan. Ziur denek ondo pasatuko dutela, baina blai eginda amaituko dute. 17.00etan Ortuella eta Santurtziren arteko esku pilota erakustaldia hasiko da. Jarraian, gazteen eta nagusien partidak jokatuko dituzte.

18.30ean futbito txapelketa hasiko da, eta 19.30ean Ardoa Barrura fanfarreak musikaz alaituko du auzoa. 22.00etan, berriz, Gau Pasa taldeak bilbainadak abestuko ditu agertokian.

Mozorro jaitsiera

Ostegunean umeek berriro aparrez zikintzeko aukera izango dute, 16.30ean apar festa egingo baitute plazan. 18.00etan Lau Bide tabernan mus txapelketaren finala jokatuko dute.

18.30ean txikiek Play Back emanaldia eskainiko dute guztien aurrean, eta rock izar bihurtu ahal izango dira, baita modako azken abestiak kantatzen arituko balira bezala dantzatu ere. 20.00etan helduen txanda izango da, eta umeek lortutako maila gainditzen saiatuko dira. 21.00etan Aniuska tabernaren eskutik txorizo eta odoloste jana banatuko dute.

Hurrengo egunek itxura berdina hartuko dute, kirolez eta musikaz beteta. Gainera, larunbatean XXXII. mozorroen jaitsiera egingo dute koadrilek, eta horiekin batera zango-luzeak, trikitixa eta dantza taldeak ibiliko dira.

Bestalde, Mamarigako Jai Batzordeak 2005eko eta 2006ko arrantzale eta sardina saltzaileen omenaldiaren DVDa jarri du salgai, hamar euroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo