GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Gipuzkoako finala

Azurmendi eta Olasagasti dira faborito nagusiak

Otaegi, Mujika eta Txapartegi ere arituko dira 18.00etatik aurrera Donostian jokatuko den finalean.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Iñaki Azurmendi eta Joxemari Olasagasti dira gaur arratsaldean, 18.00etatik aurrera, Donostiako Trinitate plazan jokatuko den Gipuzkoako finala irabazteko faborito nagusiak. Beraiekin batera, Mujika, Txapartegi eta Otaegi neurtuko dira.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Euskal Herriko finalarekin alderatuta, bi oinbiko faltako dira.

Finalean arituko diren aizkolari guztiak pasa den igandean neurtu ziren Berrobin, Euskal Herriko kanporaketan, eta bost horietatik Txapartegi kenduta, denak sartu ziren finalean. Beraz, lehia bizia iragartzen da, nahiz eta guztien gainetik Azurmendi eta Olasagasti nabarmentzen diren.

Pasa den igandean ongi aritu ziren bai Arriarangoa, bai Igeldokoa, baina egungo txapeldunak, Azurmendik, aurre hartu zien. Hala ere, honakoan lan handiagoa izango dute, eta hor gauzak alda daitezke. Dena dela, ez dirudi beste inor sartuko denik bi hauen tartean, nahiz eta ezusteak beti izaten diren. Izan ere, zaleen ustez, Txapartegik, Otaegik eta Mujikak banatu beharko dituzte gainerako postuak.

Ez da izango, gainera, gaur jokatuko den final bakarra, Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa ere jokatuko baita Orozkon, 12.30etik aurrera. Aurretik hiru kanporaketa jokatu dira eta multzo bakoitzeko bi onenak gaur lehian arituko dira. Lehen bi sailkatuek lortuko dute Bigarren Mailara igotzea.

Honako hauek izango dira: Erdozia, Jauregi, Kañamares III.a, Otaño, Pellejero eta Zaldua. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Txapela lortzeko faborito nagusia Unai Otaño da. Ibarrakoa Euskal Herriko maila nagusian bigarren ere aterata dago, baina bi urte zigortuta pasatu ostean, mailarik apalenera bidali dute, eta gorantz abiatzekotan, ezin du gaur hutsik egin. Kanporaketan bere multzoko bigarren izan zen, baina ordukoa baino handiagoa dute gaurko lana. Maila nagusian aritutako bestea Erdozia da, eta bere multzoan onena izan zen, gainera. Hori ere kontuan hartu beharrekoa da.

Bihar, berriz, 12.00etatik aurrera, Leitzako plazan gazte mailako Euskal Herriko finala jokatuko da. Bertan, Eneko Saralegi, Otaño, Kortxero eta Lopez lehiatuko dira. Bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Eneko Otaño da faborito nagusia.

Bestetik, Joxeantonio Loiartek irabazi zuen pasa den igandean Nafarroako Hirugarren Mailako finala. Berarekin batera Raul Kastrok lortu zuen Bigarren Mailara igotzea. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako erdibitu behar izan zituen. Loiarte izan zen irabazlea (7.48), bigarren Kastro (9.08), hirugarren Pellejero (9.32), laugarren Resano (9.35) eta bosgarren Beltza (10.15).

Trontzak ere izango du protagonismoa gaur, Arraiotzen, 19.00etan hasita, Nafarroako emakumezkoen finala jokatuko baita. Bertan, Nuñez-Lopez, Sorrondo-Garcia eta Sanchez-Urriza arituko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio.

Bestetik, Cano-Maizak lortu zuen pasa den igandean Nafarroako Bigarren Mailako txapela. 45 ontzako enborrari hamar epai etzanda eta bost zutik eman behar izan zizkioten. 8.32 izan zen irabazleen denbora. Bigarren Aizkorbe-Mariñelarena bikoa sailkatu zen (9.49), eta azkena, berriz, Etxeberria eta Legarrea sailkatu ziren (16.35).

Txorierrik txapela ziurtatuta dauka

Euskal Herriko harri-zulatzaileen Ligako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur Trapagaranen 13.30etik aurrera. Azkeneko proba honetara Txorierri lehen postua segurtatuta heltzen da, eta gertatzen dena gertatuta ere txapela jantziko du. Une honetan 62 puntu ditu, eta bigarren doan Burdin Gazteak taldeak 51 ditu. Horiek bigarren postua ere ia segurtatuta dute, hirugarren postuan doan Kabiezesek 44 baititu.

Podiumeko hirugarren maila ez dago erabat segurtatuta, laugarren postuan doan Trapagaranek 39 baititu, eta gaur bere zaleen aurrean arituta, saiatuko da garaipena erdiesten, gutxienez podiumean sartzeko. Bosgarren Gallarta dago 33rekin, seigarren Las Karreras 26rekin, zazpigarren Errekatxo 18rekin, eta azkena, berriz, KZ Kolpeka 8rekin. Talde hauek guztiak arituko dira gaur eguerdian Trapagaranen.

Txingetan, berriz, Nafarroako finala jokatuko da bihar Leitzan 12.00etatik aurrera, aizkolariekin batera. Sukuntza, Martin eta Tomas neurtuko dira. Bakoitzak 50 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean. J.L.

Hirugarren Maila

Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatuko dute gaur Orozkon, 12.30etik aurrera. Bertan, Otaño, Kañamares III.a, Erdozia, Pellejero, Jauregi eta Zaldua aizkolariek neurtuko dituzte indarrak. Lehenengo biak mailaz igoko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo