GARA > Idatzia > Mundua

Tentsioak gora egin du Tajikistanen, komisaria baten aurkako erasoaren ondoren

Kamikaze batek Tajikistango hiriburutik 240 kilometro iparraldera dagoen Khujand hiriko polizia-etxean auto bat zartarazi zuen, eta ondorioz, bi polizia hil eta beste 25 inguru zauritu ziren. Halako tentsio uneak ohikoak izaten dira Gobernuaren eta islamisten artean.

GARA |

Tajikistango iparraldeko polizia-etxe baten aurka eraso egin zuen atzo kamikaze batek, eta bi polizia hiltzeaz gain, beste 25 bat zauritu zituen, Barne Arazoetako Ministerio tajikistandarrak aditzera eman zuenez. Ekintza horren ardura, Al-Kaedari lotutako talde uzbekistandar bati egotzi zioten.

«Leherketa eragin dutenak, segur aski, Uzbekistango Mugimendu Islamiarreko (MIU) kideak dira», ziurtatu zuen Ministerioak, ohar batean. Barne Arazoetako Ministerioaren kabinete-buruak, Tojir Normatovek, azaldu zuenez, ikertzen ari dira, kamikazeaz gain beste inor hil ote den jakiteko, baina hildakoen kopuruak gora egitea espero dutela argitu zuen ondoren.

Ekintza, Khujand hirian gertatu zen, hiriburutik 340 bat kilometrora. Bezperan, herrialdeko presidenteak Estatuko segurtasunaren burua kendu zuen kargutik, abuztuaren amaieran 25 presok, haietatik asko afganistandarrak, espetxetik ihes egin ondoren. Presoetako asko zigor luzeak betetzen ari ziren.

Barne Arazoetako Ministerioak jakinarazi zuen eran, Dushanbe inguruko mendietan atxilo hartu zuten ihesaldiaren antolatzaileetako bat. Guantanamoko espetxeko preso ohi bat da, Poliziaren bozeramaileek jakinarazitakoaren arabera.

Halere, agintariek ez dute ihes egindako gainerakoak atzematea lortu. Horretarako Errusiari eta Afganistani laguntza eskatu die Tajikistango Exekutiboak.

Sobietar errepublika ohiak eta Afganistanek muga egiten dute, eta 1.340 kilometroko luzera den muga lauso horretatik sartzen dira, diotenez, talibanentzako hornidura asko.

Sobietar Batasuna desegitean, Tajikistango Gobernuaren eta islamisten arteko gatazka piztu zen, eta 1997ko bake akordioekin formalki bukatu arren, tentsio uneak izaten dira noizbehinka.

AFGANISTAN

Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak dioenaren arabera, Pakistango Armadaren lanak hobera egin duen arren, han ezkutatzen diren talibanek Afganistanerako mehatxu handia izaten jarraitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo