GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elorrio Kirol Elkarteko futbolariek emango diete hasiera festei

Elorrioko jaiak ofizialki gaur hasiko badira ere, egunotan ez da girorik falta izan herrian. Jaietako egunik indartsuenak gaurtik aurrera ospatuko dituzte, Elorrio Kirol Elkarteko futbol taldeko jokalariek txupina bota orduko. Igandea munduko kulturen musikaz beteko da, astelehena Koadrilen Eguna izango da, eta asteazkena, berriz, haurrena. Hurrengo asteko astelehenera arte, hilak 13, ekitaldiz betetako egunak izango dituzte elorriarrek.

p016_f02_097x148.jpg

Nagore BELASTEGI

Elorrioko Ferixa Nausiak gaur hasiko dira, mailaz igo berri den Elorrio Futbol Kirol Elkarteko jokalariek txupinazoa botatzen dutenean. Nahiz eta ofizialki jaiak arratsalde honetan hasi, atzodanik nabaritzen zen herrian festa giroa.

Goizean eta eguerdira arte, globoflexia izan zuten haurrek plazan, Elorrioko Merkatarien Elkarteak antolatuta. Bertan umeek globoekin irudiak egiten ikasteko aukera izan zuten, pailazoek egiten duten antzera.

Gero, arratsalde osoan bitsaren jaialdian primeran pasatu zuten txikiek, busti-bustita amaitu arte. 19.00etako pilota partiden ondoren, 23.00etan, jaialdia izan zen txosnagunean, Txosna Batzordeak antolatuta.

Atzo festen atarikoa gogoz ospatu ondoren, gaurkoa izango da benetan jaien hasierako eguna. Horregatik, adin guztientzako ekitaldiak prestatu dituzte gaurko. Goiz eta arratsaldez jolas parkeak izango dira herriko zenbait gunetan: haur txikienak Arriola kalean jostatuko dira, umeak Urarka kalean eta gaztetxoak frontoian. Gero, 18.30ean entzierro txikia egingo dute, txupinazoaren ostean izango duten besterako prestatzeko.

19.00etan jaiei hasiera emateko ordua gerturatzen ari dela iragarriko dute fanfarreek. Hiru talde ibiliko dira Elorrioko kaleetan, eta bakoitza auzo batetik abiatuko da, eta azkenean, denak Plazan elkartuko dira.

Los Pasai Urkizun (San Luis) ibiliko da, Ardoa Barrura Begoñan, Urarkan eta Zubiko Plazuelan, eta El Despiste Berrion, Otxoan, Ibaikuan eta Kurutziagan. Fanfarreak plazara iristen diren bitartean Ondalan konpartsa bertan egongo da zain, eta 19.30ean buruhandiak eta erraldoiak aterako dira kalera, haurrak atzera eta aurrera ibiliz.

Jai hasiera kirolzalea

20.00ak jotzean, Elorrio Kirol Elkarteko lehen taldeko futbolariak udaletxeko balkoira igoko dira eta Ferixa Nausiko jaiei hasiera emango dien txupinazoa botako dute. Futbol taldea Iurretarekin lehian ibili zen igoera postua lortzeko, eta azkenean denboraldia amaitzeko bi jardunaldi baino falta ez zirenean, igoera matematikoa ziurtatu zuen. Datorren denboraldian, beraz, lehentasunezko mailan jokatuko dute taldea osatzen duten 25 jokalariek.

Taldeko presidenteak, Javier Agirrek, gaurko protagonismoa jokalariei utziko diela adierazi zuen, baita irakurriko duten pregoia jokalariek eurek idatzi dutela nabarmendu ere. Txupinazoak zerua zeharkatu eta eztanda egiten duen unean entzierroa hasiko da plazatik abiatuta, baina lehentxeago egindako saioarekin agian nahikoa eskarmentu izango dute elorriarrek.

Gauean danborrada izango da plazan, 23.00etan. Ordu berean, tradizio kontuekin zerikusirik nahi ez duten gazteek ondo pasatzeko eta helduek iraganeko doinuekin dantzatzeko, DJ festa izango da Urarkan. Egungo musika jarri barik, 60, 70, 80 eta 90ko hamarkadetako doinuak izango dira entzungai Elorrion.

00.00etan kalejira bat abiatuko da plazatik, kalean dabiltzan guztiak animatzeko asmoarekin, eta 00.15ean dantzaldia hasiko da Urarkan, «Gure bizitzako kantak» emanaldiarekin. Horrez gain, balleta ere izango da Urarka kalean, dantzatzen ari diren elorriarrekin lehian.

Autobus bereziak

Bizkaibusek zerbitzu berezia eskainiko du Elorrio eta Durango artean. Hilaren 3an eta 10ean 22.45etik 4.15era orduro ibiliko dira autobusak, eta hilaren 4ean eta 11n ere bai, 23.45etik 5.15era.

Futbol taldea

Lehen taldean 25 gaztek jokatzen badute ere, azpiko kategoriak ere aintzat hartuta, 100 jokalari gehiago daude. Denboraldi honetan lehengo jokalariek jarraituko dute, eta horiez gain, beste bi ere fitxatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo