GARA > Idatzia > Kultura

«Zer egiten duzu ezer egiten ez duzunean?» galdetzen ari da aurten Getxophoto jaialdia

p042_f02_97x92.jpg

A. B. | BILBO

Argazkilaritza ardatz duen Getxophoto jaialdiak atzo hasi zuen laugarren edizioa, eta egitarau mardula osatu du astebururako, aisia baitu aurtengo gai nagusia. Makina bat ekitaldiren artean, gaur 20.30ean Portu Zaharrean egingo duten Pop Proiekzioa nabarmentzekoa da (Algortan). Deialdi ireki baten ostean jaso dituzten argazkiak erakutsiko dituzte bertan, zaleen parte-hartzearen emaitza.

Aurretik, 12.30ean eta toki berean, Saioa Olmo artista bilbotarrak «Desioak puztuz» ekimenari helduko dio, desioen sorrerari eta aisiari lotua eta parte-hartzea bultzatzen duena honakoa ere. Olmok aisiari buruzko irudiak sor ditzaten eskatuko die zaleei, xaboi ponpekin jolastuz. Eta Dani Blancok argazkiak egingo dizkie, gero web atarian eskegiko dituztenak.

Horiez gain, makina bat ekitaldi eta esparru jokatuko ditu argazkilaritza jaialdiak. Esaterako, «Argaz(ni)kiak» izeneko ekimenean, eta The Balde zein Skunk Funkekin elkarlanean, Galder Izagirre artistak musika kontzertuetan egindako sei argazki ezberdinekin nikiak egingo dituzte, eta getxoztarren artean banatu, erakusketa ibiltaria osa dezaten.

Antzeko ekimena burutu du Peter Dench ingelesak ere, eta bere irudiak bost mila edalontzi-azpikotan paratu. «Drinking of England» deitu dio sortari, eta Getxoko tabernetan aurkituko dituzue, trago baten truke.

Txangoa

Atzekoz aurrera, gaur goizean jarduna irekiko duen ekimenarekin bukatuko dugu; jaialdiko komisario Frank Kalero eta bertaratu diren argazkilariekin txango bat burutuko da-eta, 11.30ean Algortako Kultur Etxetik hasita, kalean paratutako erakusketa nagusiak bisitatuko dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo