GARA > Idatzia > Kultura

Duela 14.000 urte saihets hezur batean landuriko hegaztia topatu dute Ekainen

Zestoako Ekain kobazuloan indusketa lanetan aritu da hilabetez Jesus Altunak zuzentzen duen Arkaios-Ikerketak lan taldea. Aurrez sekula ikusi gabeko aurkikuntza egin dute haitzuloaren sarreran. Erdi Madeleine garaian, duela 13.862 urte, bisonte baten saihetsean zizelkatutako hegazti bat da. Aurrez, gisa honetako piezetan ugaztunak baino ez dira topatu. Lurperatutako haur baten aztarnak eta hura gurtzeko jarritako bi ontzi ere aurkitu dituzte.

p041_f02_148x76.jpg

A. ARRUTI | ZESTOA

Duela bi urte ekin zioten Jesus Altunak eta bere taldeak Zestoako Ekain kobazuloko indusketa lanei. Azken hilabete honetan lekuan bertan aritu dira eta aurkikuntza garrantzitsua egin dute. Duela 13.862 urte zizelkatutako pieza bat da, lehenengoz hegazti baten formakoa. «Bisonte baten saihetseko hezurrean topatu da. Hezur horretan ebaki bat egin dute lehendabizi eta ebakin horrek adierazten du, argi eta garbi, hegazti bat dela», azaldu zuen Altunak. «Barnealdea modelatu egin dute, alde batetik eta bestetik. Ildoz egindako lana da, ondo grabatuta, oso poliki, eta lumen marrazkiak eta abar egin dizkiote. Bi hegal ere baditu eta horixe da aurkikuntza», gaineratu zuen.

Altunaren esanetan, lehen ere azaldu izan dira horrelako ebakinak dituzten piezak, «baina normalean horrelakoetan zaldi buruak edo bisonte buruak azaltzen dira, ugaztunenak beti. Kasu honetan, hegazti bat azaldu da. Lehendabiziko aldia da horrelako pieza batean hegazti bat azaltzen dela».

Erdi Madeleine garaian datatu dute aurkikuntza. Hain ezagunak diren Ekaingo zaldi eta bisonte labarrak Goi Madeleine arokoak dira, eta hau zaharxeagoa da beraz.

Astelehen honetan bertan, Tarascon-sur-Ariegen izango den arte paleolitikoari buruzko kongresura eramango dute pieza. «Nik uste interes handikoa dela. Nazioarteko biltzarra da, mundu osotik dator jendea, ez Europatik bakarrik. Eta horien guztien aurrean agertuko dugu gure aurkikuntzatxo hau».

Sei urteko haurra lurperatuta

Hegaztia sarreran topatu dute, «gizakiaren bizilekua sarreran bakarrik zegoen. Barrualdera sartzen zen bakar-bakarrik margoak pintatzera», eta azaldu den lekutik barrurago joanda, sei edo zazpi urteko haur baten aztarnak topatu dituzte lurperatuta. «Hau aurkikuntza askoz modernoagoa da. Lurperatzeko gutxienez bi ontzi jarri zizkioten eta horien lur pusketak azaldu zaizkigu. Gutxi gorabeherako datazioa egin dugu, Suediara bidaltzen ditugu piezak radio-karbonoko datazioak egitera, eta esan digute ume horren lurperatzea orain dela ia 5.000 urte izan zela, 4.960 urte zehazki».

Kutxak eta Euskadiko Kutxak lagundutako indusketa hauek datorren urtean amaituko dituztela espero du Altunak. «Orain aztarnategiko lanak utzi ditugu jadanik eta laborategiko lanei ekingo diegu, gauza gehiago ere azaldu direlako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo