GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA Euskal Kostaldeko Musikaldia

Ciccolini, jaialdiaren zutabe

Maite IDIRIN

Berrogeita hamar urte betetzen ditu aurten Euskal Kostaldeko Musikaldiak, eta haren egitarauan, Aldo Ciccolini (Napoli, 1925) oinarrizko zutabe bihurtuz joan da. Izan ere, musikaldiaren historiako datuei so egitean, gutxienez hogei aldiz parte hartu izan duela jabetzen gara. Gainera, beti arrakastatsu igaro izan da. Atzokoan ere, espero zitekeen bezala, horrela gertatu zen. Eliza mukuru beteta zegoelarik, makulu baten laguntzarekin eszenara atera zen. Hankak lotuta edo indargabetuak, baina behatzak eta burua oso arin dauzkala erakutsi zuen, ordea. Lehen zatian, F. Chopinen lau partitura interpretatu zizkigun. Bi nokturno (op.48) entzun genuen hasteko. Entzuleren bat oraino oharkabean aurki bazitekeen, goxoki kontzertuan sar zedin, Tarantella (op.43) dantza erritmo bizikoa jo zuen gero. Hiru mazurka (op.59) markatu heldu ziren ondotik. Eta amaitzeko polonesa-fantasia (op.61), adierazkortasun handiz eman zuena. Beste behin ere, eta daukan adina gorabehera, 85 urte hain zuzen, interprete fin eta ahalmen handikoa dela argi utzi zuen, bere behatz ukitu fin eta sarkor legendarioa hor duela eta behar denean erabiltzeko lain dela frogatuz. Bigarren zatian, M. Moussorgskiren “Erakusketa bateko koadroak” izen handiko obrari ekin zion. Funtsean, Victor Hartmann pintore lagun hilaren erakusketan zeuden hamar koadrori konpositoreak egin zizkion komentario musikalak dira. Koadroen arteko loturei ibilaldiak deitzen die, leiv motif modura errepikatzen direlarik. Pianoaren baliabide sonoro eta tekniko posible guztiak erabiltzen direnez, zailtasun handieneko obra pianistikoa dugu. Pianoaren kontra aritu zela diote batzuek. Bidenabar, esan dezadan, Ravelek 1922an orkestratu zuela obra ezohiko hau, eta horrek arrakasta handitzen lagundu izan diola. Koadroan dauden motiboak honako izenak dituzte: Gnoma; Gaztelu zaharra; Tuileries; Bydlo; Txitoen dantza beren arraultzean; Samuel Goldenberg eta Schmayle; Limogeko azoka; Catacombae; Sepulcrum Romanum cum mortuis in lingua mortua; Oiloen hanken gainean egindako txabola; eta Kiev-eko ate handia. Pianorako bertsio intimo bat eskaini zigun Ciccolinik. Koadroei begiratzeko modu pertsonal bat, bakarka egiten dena, alegia. Koadroen gaiak eta tarteko loturak beti desberdinduz xarmanki interpretatu zizkigun. Kiev-eko ate handitik handizki sartu ginen entzuleok. Gogoangarria benetan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo