CRAC kolektiboak zezenketek jasotzen dituzten diru laguntzak salatu ditu
CRAC kolektiboak zezenketen kontra Katalunian emandako pauso bera garatu nahi du Ipar Euskal Herrian. Asteburuan izaten ari den Atlantikoko feria dela-eta, 10.000 esku orri banatu dituzte zezenketei eta jasotzen dituzten diru laguntzei buruzko informazioa zabalduz.
GARA |
Katalunian zezenketen kontra eman den pausoa nabarmenduz, Baionako CRAC kolektiboak (Comité Radicalement Anti Corrida) borroka horren aldeko dinamika garatu nahi du Ipar Euskal Herrian. Elkarteak zezenketen kontra argitara eman duen agiria hiru lurraldeetako 200 pertsona ezagunek sinatu dute jada. Asteburu honetan iragaten ari den Atlantikoko feria dela-eta, zezenketei buruzko eta jasotzen dituzten diru laguntzei buruzko informazioa azalduz 10.000 esku-orri banatu ditu elkarteak Baionan.
Atzo zezen-plazaren aitzinean hasi zen orri banaketa, hiri osoan zabaldu zen arratsaldean zehar. Esku-orri horietan zezenketaren kontrako arrazoiak azaltzen dira. Alde batetik, animalien kontrako erasoa eta ohituraren mugak azaltzen dira.
Bestetik, zezenketak jasotzen dituen diru laguntzen kopurua ere salatzen da, izan ere Baionako Herriko Etxeak diru laguntza handiak ematen ditu ferien kari.
Jean Grenet auzapezak zezenketekiko duen erakarpena dela-eta diru publikoa hein handian horretan erabilia dela salatu dute CRACeko kideek, nahiz eta aurrekontu horiek ez diren argitara ematen. Horren salatzeko 2007ko datu bat erabili du elkarteak, hain zuzen ere, 247.255 euro xahutu zirela zezenketari loturiko ekimenetan.
Herritarrei sinadura kanpainarekin bat egitera deitu die zezen korriden kontrako elkarteak. Gure artean Aire Ahizpak, Eñaut Etchamendy, Peio Serbielle, Amaia Fontang eta Mattin Larzabal eta beste hainbatek sinatu dute jada ohitura honen kontrako agiria.
«Estatu espainolean, Katalunian, berrikitan zezenketa debekatu dute eta beste lurralde batzuk prozedura bera nahi dute abiatu. Baina Frantzia hegoaldean hautetsi batzuek, krisi ekonomikoan izanki ere, nahi dute diru publikoa erabili zezenketaren alde», salatu du zezenketen kontrako elkartean. Estatu frantsesean jada 58 diputatuk izenpetu dute zezenketen kontrako lege proposamen bat. Uztailean aurkeztu zuten Muriel Marland-Militello (UMP) eta Genevieve Gaillard (PS) diputatuek.
Bestalde, aste honetan ere, zezenketei buruzko eztabaida sortzearen helburuarekin Nahiko! zezenketan abolizioaren aldeko herritarren plataforma aurkeztu dute Bilbon. Batez ere, zezenketek jasotzen dituzten laguntzetan eta plazara sartzeko gutxieneko adinean jarriko du arreta sortu berri den plataformak.