Joxemari Ostolaza - ARGIA
Ezkutaezinak
Denborak azalarazten ditu batzuetan. Ez beti. Mundiala bukatu orduko, ligak hasi zaizkigu. Eta Italia, Ingalaterra eta Espainiakoa zor errekak berarekin eramateko zorian daude. Hiru hauen artean Espainiakoa da okerren dagoena, azken denboraldian berrehun eta berrogeita hamar milioi euroko galerekin. Zulo hau aurreko zuloari gehitu behar zaio, hiru mila eta bostehun bat milioiko zorra metatuz. Ez da egoera hau hedabideetan azaltzen, sartzen dena baino gehiago gastatzea puntako kirolaren ohiko kudeaketaren jokalditzat eta normaltzat hartua baitugu guztiok ere. Europako ligen artean Bundesliga jotzen da salbuespentzat, nahiz eta honek ere defizitak egiten eskarmentua baduen. Espainiako Real Madrid eta Kataluniako F. C. Barcelona omen dira jokalariak kontratatzen gehien gastatzen dutenak. Izan ere, bi horietan bazkideak dira presidenteak hautatzen dituztenak, eta nola ez, publizitate kanpaina azkarrenak izarren erakartzea behar du zutabe, kosta ahala kosta. Zorra zorraren gainean, gaitzerdi ligak eta gainerakoak irabazten baldin badira tamainako desastre finantzieroa zelaiak estaltzen baitu. Eta beti dago instituzio publikoren batean politikoren bat hortaz baliatuz bere arrakasta gu guztion sakelatik ordaintzeko prest egoten dena.