Scorsesek Elia Kazan bere modura omendu du Venezian, «A Letter to Elia» dokumentalarekin
GARA |
Elia Kazan (1909-2003) greziar jatorriko zinemagile estatubatuarrak omenaldia jaso du Martin Scorseseren partetik, «A Letter to Elia» dokumentalaren bidez; atzo Veneziako zinemaldian lehiaketaz kanpo eman zutena.
Filma Scorsese eta Kent Jones zinemagileek zuzendu dute, eta «East of Eden» (1955) eta «A Streetcar Named Desire» (1951) -hiru Oscar sari jaso zituena- filmeko zuzendariaren bizitzako pasarterik garrantzitsuenetan jartzen du arreta.
Ordubeteko dokumentala da, eta Scorseseren beraren ahotsak gidatzen du, berak nerabetan New Yorken bizi izan zituen antzeko esperientziak filmetan jartzeko gai izan zen sortzailea gogoratzeko asmoz. Bukaeran, eta hildako zinemagileari zuzenean hitz eginez, «nigan izan duzun eragina azaltzeko modurik hoberena pelikulak egiten jarraitzea dut», diotso Scorsesek Elia Kazan miretsiari.
«A Letter to Elia» filmak gainera, Kazan berak bizi zelarik egindako adierazpenak dakartza, eta komunismoa begi onez ikusten zuelako AEBetako agintarien aurrean bi alditan aitorpenak egitera deitu zutenean pasa zituen momentu gogorrak ere ekartzen ditu gogora. Scorsesek, bere aldetik, Kazan 1964an ezagutu zuela kontatzen du, maisua bera ikasle zen unibertsitatera hitzaldi bat ematera joan zenean.
Ezagutza eta miresmen pertsonalez gain baina, Scorsesek Kazanen lana du gogoan, bere ustez «indar liluragarria» isurtzen zuena, eta beste inork ezingo lukeen moduan hitz egiten zuena. Kontuak horrela, hiru dira Scorseseren ustez Kazanen zinemagintzan mugarri: «Al este del edén», «Wild River» (1960) eta «America, America» (1963). Azken honetan AEB-tara jotzen duten etorkinen auzia aztertzen du, bera ere etorkina zelako.
«Nire zinemagintzari aurre egiteko segurtasun handiena eman didan sortzailea izan da», aitortzen du Scorsesek maisu zaharra ahotan hartuta, Kazan agurea zela berarekin egindako argazkiak erakutsi bitartean.
Scorsesez gain, bazen atzo zeri begira egon Venezian. Guillermo Arriaga mexikarrak, esaterako, zortzi minutu gordineko «El pozo» filma baino ez zuen behar izan zaleen txalo zaparrada eta oniritzia lortzeko. Horizontes sailean parte hartu zuen Sekzio Ofizialeko epaimahaian dagoen idazle mexikarrak.
Humberto Berlanga antzezleak parte hartzen duen film labur hori Mexikoren independentziaren bigarren mendeurreneko ospakizunen barruan koka daiteke. Bertan, iloba putzura erortzen ikusi eta bertatik atera ezinik dabilen aitona baten estutasunak kontatzen ditu.
Prentsaurrekoa baliatuta, Mexikok egun bizi duen indarkeria egoera ahotan hartu eta «aro mingarria da mexikarrontzat» esan zuen zintzo, «baina batzuetan, saminetik ateratzen da indarra, eraldatzeko beharrezkoa duzun energia».
«Indarkeria mexikar gizarteak sortu dituen ajeen ondorioa da, eta horietan larriena, aberastasunaren banaketa falta da, aukera falta eta inpunitatea».
Bere aldetik, italiar jatorriko John Turturro antzezle estatubatuarrak «Passione» filma aurkeztu zuen lehiaketaz kanpo, Napoli hiriari, bertako biztanleei eta musikari gorazarre egiten dion pelikula. Lana ordu eta erdiko bidaia da, dokumental formatuan emana. «Abentura handia izan da guretzat -adierazi zuen Turturrok-, hiria ezagutzeko balio izan diguna. Napoliar musika nazioarteko musika dela uste dut, eta jada ez da atzokoa, gaurkoa eta biharkoa ere bada. Gainera, Napoliko kulturak baditu eragin eta hartu-emanak Afrika iparraldearekin, eta Espainia zein Frantziarekin». Grabaketei zegokionez, «hiriko alderik txiroenetan burutu genituen, interesgarriagoa zelakoan. Alderdi horietan beharrezkoagoa da musika, eta presentzia handiagoa du musikak». Hala ere, Turturrok argitu zuenez, «Passione»-k «ez du film nostalgikoa izateko asmoa».
Jardunaldi oparoa
Jaialdiak laugarren eguna zuen atzokoa, eta jarduna bikaina suertatu zen, aurkeztutako pelikulei dagokienez. François Ozon frantziarra vaudeville berri batekin agertu zen, «Potiche», Catherine Deneuve antzezlea buru duen filma, `emakume lorontzien' iraultza gidatzen. «Ez naiz inoiz `emakume lorontzi' sentitu, baina batzuetan bai sentitu izan naiz nolabait erabilia, nire fisikoa baino ez zutela aintzat hartzen», agertu zuen Deneuvek. «Gustatuko litzaidake emakumeen egoera hobetzen laguntzea film honen bitartez, oraindik ibiltzeko bide luzea dugu-eta». Aleksei Fedorchenkok, bere aldetik, errusiar artelan antropologiko ederra sortu du, «Ovsyanki» pelikulan.
Bukatzeko, «A Woman» aipatuko dugu. Willem Dafoe antzezle sonatua da bertako protagonista, eta bere emaztea, Giada Colagrande zinemagile italiarra, zuzendaria. Intriga sentimental generoko film zurruna da mintzagai duguna, Veneziara zinema italiarrari eskainitako sekzio baten barruan heldu dena.
Pelikulak Dafoe-Colagrande bikotearen lotura geografikoak agertzen dizkigu, baina elkarrizketa interesgarri gutxi. «Lana betidanik defendatu izan dudan diskurtsoaren parte baino ez da, nigan bizirik dirauena», esan zuen Colagrandek, «emakumearen identitate galerarena, maitasunari dion beldurrak eragindakoa».