28 urteko langile bat hil da Basauriko Sidenor fabrikan; bi egunean, bigarrena
Atzo gertatu zen istripua, goizeko ordu batak aldera. Orga batek bularraldea zanpatu zion langile gazteari eta momentuan hil zen. Bi eguneko tartean lanean bizia galdu duen bigarren langilea da, ostiralean Iurretako EKT enpresako 39 urteko langile bat ere istripuz hil baitzen.
GARA |
28 urteko langile bat hil zen atzo lan istripuz Basauriko Sidenor enpresan. Europa Press agentziak iturri sindikalak aipatuz adierazi zuenez, orga batek bularraldea zanpatu zion gazteari eta bertan hil zen.
Langileak Sidenorren behin-behineko kontratua zuela baieztatu zuen Europa Press-ek. Azken kontratua orain dela sei hilabete inguru egin ziotela adierazi zuen, baina aurretik ere gehiagotan aritu zela lanean Basauriko fabrikan. Istripua goizeko ordu batak pasatxo zirenean gertatu zen eta ezbeharra gertatu ostean, langileek fabrikako ekoizpen prozesua eten egin zuten.
Lan istripua salatzeko, Sidenorreko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea egitea erabaki zuen, atzo hasi eta gaur goizeko 6.00ak arte. Lanuzteaz gain, gaurko elkarretaratzea deitzea erabaki zuen batzordeak. 12.30etik 13.00etara egingo dute fabrika atarian eta langile guztiei zabaldu diete bertan parte hartzeko deia.
Heriotz istripuAK, «sarraskia»
Enpresa batzordeak doluminak helarazi zizkien hildakoaren familiari eta lagunei. Era berean, urtero lantegietan gertatzen diren heriotza istripuak gaitzetsi zituen, «sarraskia» direla esanez; eta «egunetik egunera handituz doan gizarteko gaitz hau gelditzeko neurri urgenteak eta berehalakoak» har ditzaten exijitu zien patronalari eta administrazioei.
Bere aldetik, enpresako zuzendaritzak ohar batean adierazi zuenez, «ohiko maniobra batean» gertatu zen istripua. Doluminak adierazi zizkion hildakoaren familiari eta gertatu dena argitzeko ikerketa hasi duela esan zuen.
Bi eguneko epean, bi langile hil dira Euskal Herrian lan ezbeharren ondorioz. Pasa den ostiralean, Iurretako Euskal Kataforesis (EKT) enpresako 39 urteko langile bat hil zen, edukiontzi batzuk gainera erorita. Basaurikoek bezala, EKTko enpresa batzordeak ere elkarretaratzea egingo du gaur lantegiaren atarian. Heriotza horiez gain, joan den ostegunean, 58 urteko langile bat larri zauritu zen Loiuko Indubilsa galdara-lantegian eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten.
Atzoko istripuarekin, urtea hasi denetik, gutxienez 50 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.