Xabier Izaga Irakaslea
Sinesgarritasuna
Bistakoa ukatzen dutenek ETAren ustezko sinesgarritasunik eza dute argudio nagusi. Alegia, bestearen begian lastoa dakusate eta beren begiko haga ez. 1989an, Aljerko negoziaketa ofizialak hasi baino lehen, ETAk hamabost eguneko su-etena iragarri zuen, alde bakarrekoa baina Gobernu espainolarekin adostua. Su-eten hura indarrean zegoela, Polizia frantsesak zenbait etakide atxilotu zituen. Ondoren, bi aldeek tregua aldarrikatu zuten, baina kartzeletako bizi-baldintza gogorrek beren horretan segitu zuten, sakabanatuta zeuden euskal preso politikoek berdin jarraitu zuten eta Gobernuak aldatu egin zuen bi aldeek adostutako testua. Baina ETAren su-etenak ez omen du sinesgarritasunik.
Lizarra-Garaziko ituna ahalbidetu zuen su-etena egin zuenean, ETAk ez zuen Gobernu espainolarekin negoziatzerik eskatu; hala ere, PPren Gobernua negoziatzeko prest agertu zen. ETAk erantzun zion beti prest zegoela hitz egiteko. Eta hitz egin zuten. Gobernuak euskal preso politiko batzuk Euskal Herritik hurbilxeago ezarri eta beste batzuk urrundu egin zituen, eta hura borondate oneko keinu gisa aurkeztu zuen. Aldi berean atxiloketak egiten jarraitu zuen, erakunde armatuaren bitartekariren batena barne. Su-etena hautsi ondoren, egoera hura gaizki kudeatu izana egotzi zioten Aznarren Gobernuari zenbait alderdik, tartean PSOEko zenbait ordezkarik. Baina ETAren su-etenak ez omen du sinesgarritasunik.
Azken negoziazio prozesuan, 2008an, ETAren su-etena Gobernuarekin adostua izan zen, eta harekin batera beste zenbait kontu, hala nola Estatuaren errepresioa desaktibatzeko pausoak. Eta PSOEren Gobernuak, PPren jarreraren aitzakian, norabide hartan ez zuen zirkinik ere egin. Ez T-4ko zoritxarreko ekintzaren aurretik ez haren ondotik. Baina ETAren su-etenak ez omen du sinesgarritasunik.
Ez dut uste ETAk Gobernuaren mugimendu handirik espero zuenik. Gainera, orain Gobernuak ez du ETArekiko konpromisorik. Are okerrago, ez dago demokraziarekin omen daukan konpromisoa ere betetzeko prest. Baina mugitu egin beharko du. Mugiarazi beharra daukagu euskal herritarrok.
Justizia (izenaren eta izanaren arteko harako lotura ez da beti egiazkoa) auzitegi baten erabakiaren zain, gaur herenegun baino are arrazoi gehiago daude Bilbora joateko.