GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Euskal Filologia mespretxuaren putzuan

Hona hemen euskal filologoa, burokraziak salduta eta lan merkatuan galduta, erretolika «euskañola» duen edozein beharginek ordezkaturik, zeintzuk eta hizkuntza pobre eta ezegokia haien atzaparretan jausten diren ikasle koitaduei kutsatzen dieten horiek

Udako sasoiaren amaiera. Ikasturte berria hasita dago. Atzera begira, hainbat egun eder gogoratzen ditugu. Horietatik bat honako hau: Deustuko Euskal Filologian ibili ginenon bazkaria. Izan ere, badira ia hogei urte elkarren ondoan ikasten ibili ginela, elkarrekin genuen kontaktua galtzeko beste, eta gaitz izaten da ostera ere lehengo ikaskideekin lotzea. Hamar lagun baino gehiago ez ginen batu, baina behintzat aspaldian izan genuen harremana berriz ezartzeko aukera izan genuen.

Egun polita izan zen zinez, eta oroimenaren gurpilak hainbat kontu freskatzen ditu halakoetan, horien artean Euskal Filologia karreraren hastapena. Orain dela hogeita hamar urte baino gehiago gertatu zen hura, noiz eta sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, Gotzon Garate josulagunaren zorioneko egoskorkeriak 1976an karrera martxan jarri eta, urte haietan Deustuko Unibertsitatean euskarari mesederik egiten ez zion ale espainolisten burokraziari aurre egin zionean.

Haren hastapenak eta ostekoak ere ez ziren samurrak izan, ezen unibertsitatean euskaraz ikasi eta bizitzea ez ei zen hango handi-mandien gogoko: zenbat traba egon ez ziren, bada, gaiak euskaraz behar bezala eman ahal izateko, eta zenbat salbuespen neurri tarteko (horien artean, 1990eko urte «demokratikoan» dagoeneko, ordura arte elkarren ondoan egon ginen ikasleak alde banatara sakabanatzea, gure arteko batasuna apurtzeko asmoz). Hala da ze, gure garaian euskal filologo-gaien arraza mespretxuan murgildurik bizi izan zen, artalde garbi elitista hartan hirugarren mailako ardi beltz lohiak ginelarik. Gure bekatu bakarra: euskaldun izatea eta euskararen karrera sentimenduz egin gura izatea.

Urteak igaro ahala, unibertsitate sasoiak atzean geratu dira, baita hango miserien zerrenda amaigabea ere. Oroimenaren kateak gauza horiek ahaztera bultzatuko gintuen, baldin eta lan merkatura irten eta errealitatea beste bat izango bazen. Tamalez euskara maite ez duten horiek ez dira soilik unibertsitatean bizi, eta goazen lekura goazela Euskal Filologian lizentziatuok mespretxuaren zigilua iltzaturik daramagu, nazien sasoian juduek Dabiden izarra iltzatuta zeramaten gisa berean. Diodana gehiegizkoa dela begitanduko zaio baten bati, baina ingurura begiratu eta esan diezadatela zelan den posible euskaltegi, ikastetxe edo instituzio publiko batean Euskal Filologia karreraren gainetik EGA titulua eta laugarren hizkuntza eskakizuna (4 HE) lehenestea. Gaitz hori ez da berria, gutxienez Miren Azkarate sailburu izan zen sasoitik baitator.

Ez daiteke uka titulu horiek euskaraz egoki eta zuzen egiteko gaitasuna eman diezaguketenik, baina euskal eskolak emateko nahikoa ote da? Ez ote du Euskal Filologian lizentziatuak euskal eskolak emateko gaitasun handiagoa? Gaixorik gaudenean argi dugu medikuak sendatu behar gaituena, legearen aurrean defendatzeko abokatuak ditugu, baina euskal hizkuntza irakasteko EGA edo hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko azterketa bat eginda nahikoa da erdi mailako karrera bat izanez gero, hau da, euskara irakasteko erizain eta EGA tituluduna izateak Euskal Filologia titulu batek beste edo gehiago balio du. Are gehiago, erizain izatea eta laugarren hizkuntza eskakizuna izatea Euskal Filologia tituluaren gainetik lehenesten da, irakasle izateko 4 HE horrek Euskal Filologia karrera oso batek baino gaitasun handiagoa emango balu legez.

Gotzon Garatek berak esana da, Euskal Filologiak Euskal Herriari euskaldun izaten lagundu diola. Alabaina, euskara eta Euskal Herria onartzen ez duten horiek gure hizkuntzaren garapena oztopatzen segitzen dute, tamainako injustiziak abian jarriz euskal arloaren aldeko apustua gure gogoz eta sentimenduz egin genuenoi iruzur eginez. Argi dago urteak igarota arlo soziopolitikoan ezer gutxi aldatu dena, eta ale batzuk boterean iraun bitartean nekez ikusiko dugu tunelaren ahoa. Batzuek, ostera, tunelean gura gaituzte, argirik eta askatasunik gabe, burumakur eta esaneko. Ezin ahaztu gainera, arlo soziopolitikoan kontua iraul lezaketen askok isilik dirautela, euren ipurdiek duten oinarri bigun eta beroaren babesa galtzeko beldurrez.

Bitartean, hona hemen euskal filologoa, burokraziak salduta eta lan merkatuan galduta, erretolika «euskañola» duen edozein beharginek ordezkaturik, zeintzuk eta hizkuntza pobre eta ezegokia haien atzaparretan jausten diren ikasle koitaduei kutsatzen dieten horiek. Eta hori guztia XXI. mendeko Euskal Herriko jendartean gertatzen da, curriculumetan tituluei inoiz baino garrantzi handiagoa ematen zaien sasoian, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo