GARA > Idatzia > Ekonomia

CP eta ELBko laborariek Pariseko Esnearen Etxea okupatzen jarraitzen dute

Confederation Paysanne sindikatuko 60 bat laborari egoitza okupatzen ari dira, esnearen ekonomia arautzen duen CNIL erakundean dagokien ordezkaritza lortzeko xedez, hori «eskubide demokratikoa» dela iritzita.

p026_148x112.jpg

Arantxa MANTEROLA

Confederation Paysanne (CP) sindikatuak asteazkenean hasitako protesta ekimenarekin segitzeko asmoa duela azaldu zuen atzo. Laborarien sindikatuaren esanetan, ez dute Pariseko Esnearen Etxearen okupazioa bertan behera utziko, harik eta CNIL esnearen ekoizpenari lotutako gorabeherak kudeatzen dituen erakundean dagokion ordezkaritza lortu arte.

Laborantza ganberetarako bozetan sindikatuek eskuratzen dituzten bozen araberako ordezkaritza izatea eskatzen dute. Ez da, alabaina, eskakizun berria. Izan ere, bozetan nagusitasuna erdiesten duen FNSEAk metatzen ditu CNILen sindikatuek duten bost eserlekuak.

Egoera horrek «biziki kaltetzen» ditu beste sindikatuak. Horrela adierazi du Mixel Etcheberry Euskal Laborarien Batasuneko (ELB) kideak: «Duela lau urte izandako bozetan Confederation Paysannek (ELB bertako partaide da), esaterako, bozen %20 lortu zituen, baina ez berak, ez gainerako sindikatuek ez dute eserlekurik. Guztiak FNSEAk atxikitzen ditu. Horrenbestez, guk ez dugu ez hitz, ez erabakirik nahiz eta bertan hartzen diren deliberoek gugan eragin zuzena duten».

CPren iritziak eta proposamenak aintzat izatea, gainera, «demokraziaren oinarrizko gutxienekoa» dela deritzo.

Aldarrikapen hori «erabat bidezkoa» da CPren aburuz: «Laborari guztiak bezala, guk ere derrigorrezko kotizazioak ordaintzen dizkiegu laborantza ganberei. Hortaz, gure afiliatuek ere erabakiguneetan beren lekua izateko eskubidea dutela uste dugu».

Legearen kontra

Horrez gain, duela aste batzuk Asanblea Nazionalak laborantza modernizatzeko onartutako legea abian jarriko delarik, erakunde horrek pisu handiago izango du esnearen ekonomiarekin eta laborantzako beste adarrekin zerikusia duten aferetan.

ELBko ordezkariak gogorarazi du, ez datozela bat legeak ekoizleen eta esnearen industriaren arteko harremanak arautzen dituen moduarekin: «Bere egunean esan genuen bezala, urteetako kontratua finkatzeko erarekin ez gaude ados eta legea aldatzeko aldarrikatzen segitzen dugu. Alta, plantan ezarriko delarik CNILek botere gehiago izanen du eta gure iritzia ere bertan izatea nahi dugu».

Etcheberry eta beste ELBko hiru kide Esnearen Etxearen okupazioan izan dira egunotan eta ez dute baztertzen Ipar Euskal Herritik beste laborariak ere Parisera joatea, 50 edota 70 kideko talde egonkorra mantentzeko egoitzaren barnean.

Okupazioak irauten duen bitartean, hainbat hartu-eman egiten ari dira, batez ere, Henri Brichart CNILeko buruekin. Ekoizleen ordezkaritza «proportzionalak» nolakoa izan beharko lukeen proposamen zehatza idatziz aurkeztu diote, baina ez da, oraingoz, funtzionamendu eredu berria onartzeko prest.

Gaur eguerdirako dei bat egin dute beren errebindikazioa sostengatu nahi duen oro egoitzara hurbil dadin. Astelehenerako, berriz, biltzar irekia antolatu dute, arratsaldeko seietan, batik bat senatari, diputatu, europarlamentari eta ordezkari sindikalak gonbidatu dituzte bertara arazoaz eztabaidatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo