Esperientziak eta gaztetasunak bat egingo dute Bertsulari Xapelketan
Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren bigarren edizioa irailaren 18an hasiko da. Lehiaketako antolatzailea den Bertsularien Lagunak elkarteak 30 urte betetzen dituen urtean beren lehiaketaren sasoiak bertso munduko gazteria erakarri du. 20 parte-hartzaile izanen dira aurten, lehenean baino lau gehiago. Hiru kanporaketa eta bi finalaurrekoren ondoren, azaroaren 13an finala jokatuko dute Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekuan.
Idoia ERASO |
Bertsoen ezaugarri den hitz jokoa bere afixa eta leloetara eraman dute lehiaketaren antolatzaileek. Aldi berean, jokotan hain trebatua ez denarentzat mezu argia ere bada: «Elkarte heldua eta xapelketa gaztea». Aurtengo xapelketako afixa eboluzioaren bidean oinarritzen da, eta bertan agertzen den jokoari jarraituz, X itxurako izaki bat uretatik atera eta hiru pausotan mikrofono aurrera iristen da (aurten Bertsularien Lagunak elkarteak 30 urte betetzen ditu; hortik datoz hiru X horiek). Bestalde, X filmeek bezala plazera hiru lurraldeetara zabalduz bertsolari zein ikusleak bildu nahi ditu bere inguruan. X da aurtengo protagonista Bertsulari Xapelketan.
Berri eta zaharraren arteko elkartzea xapelketaren sintoniara ere ailegatuko da aurten, non hitzak Otxalde eta Etxahunen arteko elkarrizketa klasikoan oinarrituko dira, baina Zutik talde gazteak egokituta.
Ipar Euskal Herrian tradizio handiko artea izanik ere gazteriak du toki gehien hartzen parte-hartzaileen artean. «Gaztetasuna da nagusi, gure parte-hartzaileen adin batez bestekoa oso baxua da» adierazi zuen elkarteko presidente Joana Itzainak. Gaineratu zuen: «Bertsularitzak usaia handia duen lurraldea izanik ere orain bizi duen berpizketarekin bat egiten du gure xapelketak».
Webgune berritua
Aurtengo edizioak izanen duen berrikuntza handiena elkarteak webgunean (www.xilaba.net) izanen dituen aukeretan atzemanen da. Esaterako, finalerako sarrerak gunean erosten ahalko dira astelehenetik goiti.
Lehen edizioan txapelduna izan zen Amets Arzallusek eta txapeldunordea izan zen Sustrai Colinak finalaurretara eginen dute salto zuzenean. Lehiakide gazteak ondoan izanik Ekhi Erremundegi, Eneritz Zabaleta, Miren Artetxe, Xumai Murua, Xan Alkat edo Odei Barroso besteak beste. Aurreko belaunaldietako ordezkari bakarra Mixel Aire «Xalbador II.a» izanen da.
Arzallus lehiakide izanen dituenetaz mintzatu zen: «Poz gehiago sentitzen dut parte harten duten gehienak gazteak direla ikusita, bertsolaritzaren etorkizun bizia».
Xapelketaren finalean Donibane Lohizuneko Jai-Alaiko paretak Ipar Euskal Herriko bertsolari handien erretratuekin jantziak izanen dira. Erakusketa dagoeneko Senpereko Larraldea etxean ikusgai da eta ondoren Euskal Herrian zehar ere ibiliko da. Zoe Bray artista eta antropologoak eginiko erretratuen erakusketak bizirik zein zenduak diren bertsolari handiak aurkezten ditu.
Gure artean ez direnen erretratuak argazkietatik hartu baditu ere nabarmena da gaur egun gazte eta zaharrak diren bertsolari handiekin artistak egin duen lana. Bereziki interesgarria da bertsolariekin izan dituen hartu-emanak, gehienetan beraien etxeetara hurbilduz margolariak bertsolarien irudia hartzeaz gain, arima ere hartzen saiatu baita.
Obra horien artean txapelketako txapelduna eta txapeldunordearekin batera beste belaunaldietako Ernest Alkhat, Fermin Miura edo Mixel Aire «Xalbador II.» ere atzeman daitezke. Xalbador bera edo Martin Irabola «Matxin»en erretratuak ere deskubritu daitezke erakusketan.
Ideia kultur gune bezala definitu daitekeen Larraldea etxeko jabeak izan zuen, Andoni Iturriozek. Antonio Valverdek 60ko hamarkadan bertsolari ezagunei buruz egin obren erakusketa antolatu zuen Iturriozek, eta ikustera hurbildu zirenek iparraldeko hiru lurraldetakoak non ziren galdetuta lan berri hau egitea otu zitzaion. Horretarako Zoe Bray margolaria kontaktatu zuen Bertsularien Lagunen elkartearekin hitzartu eta gero. I. E.