GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

OHOREZKO MAILA

Lehen garaipenaren bila zelairatuko dira Gernika eta Ordizia

J.L. I

Denboraldia hasi besterik egin ez denean, taldeak puntu premian daudela esatea agian gehiegitxo izango da, baina bi jardunaldi pasa ostean bi partida galtzeak min egiten du, eta horixe gerta daiteke gaur Gernikan galtzen dutenen artean.

Denboraldiko bigarren jardunaldia, eta bigarren derbia, gaur Gernika Bizkaia eta Pegamo Bera Bera lehiatuko baitira Urbietan, 16.30etik aurrera.

Bizkaitarrek azkeneko jokaldian galdu zuten pasa den igandean Ordizian, baina puntu bat eskuratu ahal izan zuten defentsako lanari esker. Garbi dago, ordea, berde-beltzek sekulako taldea egin dutela, eta zaila izango dela beraiei irabaztea, bai Bera Berak, bai beste edozein taldek.

Donostiarrek ere galduz eta puntu bat lortuz, hauek ere defentsako lanari esker, ekin zioten denboraldiari, baina gipuzkoarrek etxean galdu zuten. Dena dela, Bera Bera azkeneko unean sartu da Ohorezko Mailan, Madrid taldeak diru arazoak izan dituelako, eta haientzat mailari eusteak izan behar du lehentsauna. Bizkaitarrenak, berriz, zertxobait gehiago ere izan behar du, talde bikaina egin baitute.

Ampo Ordiziak, berriz, bihar jokatuko du 12.00etatik aurrera Sevillan Cajasolen aurka. Andaluziarrak Liga irabazteko faboritoen artean agertzen dira, baina egungo txapeldunaren zelaian, El Salvadorren zelaian galduz ekin zioten denboraldiari.

Ordiziak lehen lau puntuak batu zituen Gernikaren kontura, eta Sevillara ere garaipenaren bila joan nahi dute. Iaz han irabazi eta mailari eutsi ahal izan zioten, baina orduan sevillarrek ezer ez zuten jokoan, eta gipuzkoarrek, berriz, asko.

Bihar kontuak bestelakoak izango dira, lehen partida galdu ostean, puntuak batzen hasi beharra baitauka Cajasolek. Ordiziarrentzat, eta aurrean duen taldea kontuan hartuta, puntu bat lortzea ere ez litzateke txarra izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo