GARA > Idatzia > Euskal Herria

Umeek udaletxea okupatzearekin batera murgilduko da Lezo santakrutz jaietan

Mendekosteko parrandak atzean utzita, lezoarrek gaur, Santa Krutz bezperan, ekingo diote berriz jaiari alkate txikien eskutik. Danbor hotsek kaleak alaituko dituzte gauerdian, eta datorren larunbatean lezoarrak dantzan jarriko dituen Muxiko Eguna ospatuko da.

p016_f03.jpg

GARA | LEZO

Lezoarrek urteko bigarrenak eta luzeenak diren jaietan murgiltzeko aukera izanen dute gaur, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Alkate txikiek emango diete Santa Krutz jaiei hasiera, eta, aurten, gainera, jai batzordeak hala erabakita, hainbat urteren ondoren Santa Krutz bezperan hasiko dira jaiak berriz ere. Gaurtik hasi eta astebetez, beraz, adin guztietako herritarren eta bisitarien gozagarri izango diren ekitaldiak nagusi izango dira Oarsoaldeko herri honetan.

Jai programan hamarka aukera dauden arren, gaur gauerdian, egingo den helduen danborrada da lezoarren begikoenetakoa zalantzarik gabe. Lehen, Allerru elkarteak jotzen zuen soilik, baina, herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteek ere bat egin zuten danborradarekin orain hamar urte. Egun 500 bat lagunek hartzen dute parte eta aurten danbor eta barril berriak izango dituzte.

Bestalde, santakrutzetan egiten den beste ekintza garrantzitsua Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldia da. Aurtengoa, gainera, txapelketaren 35. edizioa da. Orain dela bi hilabete inguru hasi ziren txapelketa jokatzen, eta santakrutzetan jokatuko dituzte, ohi bezala, finalak.

Pilota txapelketa ezagunak bi maila ditu. Lehenengoa herrikoia da, eta helburua pilotan ahalik eta jende gehien aritzea eta ongi pasatzea da. Bertan lezoarrek soilik parte hartzen dute eta hiru kategoriatan banatzen da; 12 urte baino gutxiagokoak, 12 eta 15 urte artekoak eta helduak. Bigarren maila federatuena da, eta ikuskizun handia izan ohi da bertan, puntako pilotariak gonbidatzen saiatzen dira-eta.

Muxiko Eguna

Hala ere, Iñigo Esnaola Lezoko Kultura, Kirola eta Gazteria zinegotziaren arabera, hurrengo larunbatean, hilaren 18an, egingo dituzten muxikoak dira jai egitarauko berrikuntza nagusia. Iaz Murixka taldeko dantzarien guraso taldea muxikoak dantzatzen hasi zen eta aurten erromeria txiki bat egin nahi dutela jakinarazi du Esnaolak. Horrela, egun osoan zehar ariko dira herriko kaleetan dantzan lezoarrak. Beraiekin batera, ordea, Oreretako eta Pasai Donibaneko dantzariak ere izango dira, baita Donibane Lohitzunetik etorrikotakoak ere. Datorren larunbatean, beraz, 11.30ean abiatuko da Muxiko Eguna. Hain zuzen ere, Saldise plazatik ekingo diote dantzari.

Egun berean izango da XI. Marmitako Lehiaketa, baita herri bazkaria ere. Ixkulin elkartean, Tiñelun eta Aiton Bordan eros daitezke herri bazkarirako txartelak; hamar euroren truke eskura ditzakete helduek, eta, haurrek, berriz, hiru eurotan. Guztira 250 txartel jarri dituzte salgai.

Lehiaketa zein herri bazkaria Bekoerrota kiroldegiko pilotalekuan egin izan dute azken urteotan. Aurten, aldiz, Saldise plazan izango dira biak ala biak.

auzolana

Aurtengo santakrutzetako aurrekontua txikiagoa izango den arren, ekitaldi gehiago egingo dira. Udal ordezkariek herritarren parte hartzea txalotu dute, horrek bultzatu du-eta ekitaldi gehiago izatea.

txirrindulariak Santakrutzetan egin ohi den afizionatu mailako lasterketa lehiatu zuten atzo Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. Jaiak gaur abiatzen diren arren, Polentzi Gezalari eskainitako liburua aurretik aurkeztu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo