GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Picu Urriellu Jarduera

Ekaitz Maiz eta Aitor Ulaiar, aske, «Pilar del Cantábrico» bidean

Euskal sokadak era askean igo ditu Picu Urrielluko mendebaldeko aurpegian dagoen bide entzutetsuaren luze guztiak. Hala ere, ez zuten marra osoa jarraian igo. Astebeteko lana behar izan zuten eta, aitortu dutenez, hainbat luzek ustekabean harrapatu zituzten.

p042_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

«Zailtasun handiko pareta batean ez geneukan eskarmenturik orain arte, eta aurretik era askean igota egotea abantaila izan da. Jakin badakizu luze bakoitzean ze espero duzun, ze material eraman behar duzun... Gainera, Picu Urriellun askatzeke dauden marrak arrisku handikoak dira. Horregatik guztiagatik, oso erronka erakargarria iruditu zitzaigulako, bere mistizismo zein edertasunagatik, «Pilar del Cantábrico» bidea aukera genuen. Gainera, pareta handi bat eskalatzeko era garbiena era askea dela uste dugu».

Horrela mintzatu dira GARArentzat Ekaitz Maiz eta Aitor Ulaiar; hots, «Pilar del Cantábrico» bidearen luze guztiak era askean (ez jarraian) igo dituzten eskalatzaileak.

Picu Urrielluko mendebaldeko aurpegian dagoen marra horrek historia handia du. Antonio Gomez Bohorquez eta Jesus Galvez eskalatzaile handien obra da. 1981. urtean, Bermella desplome ikusgarritik zuzen hasi ziren zabaltzen. Emaitza: 12 luze, 500 m eta A2, 6b (garai hartakoak) zailtasunak.

Urteen poderioz, eskalada librea indarra hartzen joan zen. Jakina, eskaladaren eboluzio horrek bere isla izan zuen «Pilar del Cantabrico» bidean ere. 1992. urtean ameslari bat agertu zen: Paco Fernandez. Ordura arte inor ez zen ausartu era askea marra horretara eramaten. Fernandezek, ordea, erronka hori izan zuen.

Pare bat urtean, eskalatzaileak luze guztiak era askean sinatzea erdietsi zuen. 1995. urtean, berriz, Dani Andradak bide osoa zazpi ordutan eta era askean igo zuen. Ikaragarria izan zen. Zoritxarrez, bi erorketa izan zituen, eta marra osoaren lehen kateatze «ofiziosotzat» hartu zen. Ofiziala euskal eskalatzaile batek poltsikoratu zuen: Iker Pouk. 1977. urtean izan zen. Urte batzuk geroago, Pouk, Josune Bereziarturekin (lehen emakumea era librean) batera eta sokada estiloan, igoera bera egin zuen.

«Pilar del Cantabriko»-ren historiaren hainbat pasarte garrantzitsu idatzita zeuden. Era askekoek eginiko aportazioaren norabidetik joan nahi izan dute Maizek eta Ulaiarrek. Bertatik bertara ezagutu nahi zuten bide horrek gordetzen duena: «Helburua bide osoa era librean eta jarraian egitea zen. Hori oso argi genuen. Uste dugu eskarmentu faltagatik geure helburu nagusia ez genuela lortu. Bidea ekipatzeak lan handia eskatzen du. Lehen zazpi luzeak prestatuta uzteko ez genuen behar besteko materialik. Saiatuta ere, ez dakigu lortuko genuen».

Izar askoko zein zailtasun handiko pareta handi batean estrategiak erabateko garrantzia duela inork ez du ukatzen. Euskal sokadak patxadaz hartu zuen lana, jakin bazekielako lan eskerga exijituko zuela: «Luze guztiak lantzen eta kateatzen joan ginen. Luze gogorrenak kateatu eta gero, bide osoa jarraian egitea zen geure asmoa. Lehenbiziko egunetan beheko luzeak eskalatu genituen, gero goikoak lantzeko. Horren ostean, A0 egiten, eta azken egunetan David Palmadak utzitako soka bati esker, jumarrekin igo ginen. Lehen egunetan, gainera, bileretan arnesetik zintzilik egon ginen, eta hori oso desorosoa egin zitzaigun. Eskerrak laugarren egunean aterpekoek gindola bat utzi ziguten! Horrelako erronketan gure esperientzia falta nabaria zen. Eguneko luze bat kateatu genuen. Azken egunean, aldez aurretik kateatutako lehen 5 luzeak jumarrarekin egin genituen (140 m) eta hortik gailurrera jarraian eskalatu genuen. Oso plaka fin eta teknikoekin egin genuen topo. Denak bistan atera ziren. Ustekabeak ere izan genituen. Adibidez, Josunek 6c graduko luze batean 20 metroko erorikoa izan zuen. Guretzat luze hori 7b-koa da».

Zailtasun gogorra

Etxauriarrak eta donostiarrak aurreratu duten legez, luze guztiak jarraian lotzea falta izan zaie soilik. Argi dute hori lortzeko oso lan ederra egin behar dela: «Luze guztiak askoz ere denbora gutxiagoan kateatu zitezkeen, baina arratsaldeko lauretatik aurrera paretan bero egiten zuen eta jaistera behartuta geunden. Bigarren egunean ez genuen hori egin, eta ia lipotimiak jota jaitsi ginen. Bide guztia jarraian ez egiteagatik ez zaigu arantza bat geratu. Hala ere, biok ala biok uste dugu luze guztiak jarraian igotzea posible dela. Egun pare bat gehiagoz atseden hartuta, luze gogorrenak prestatuta izanda... horrela `saria' lortuko genuke».

Lehenbiziko lau luzeak 4 egunetan poltsikoratu zituzten, eta geratzen zirenak jarraian igo zituzten. Ustekabeak ere aipatu dituzte, eta luze gogorrenen graduazioari buruz galdetu diegunean zera adierazi digute: «Gure ustez 7b, 8a, 8a+, 7c+, 7b+, 6c+, 7a+ eta 7a dira lehenbizikoak; gainerakoak, berriz, errazagoak».

Jarduera osoa, oro har, gogorra izan dela diote Maizek zein Ulaiarrek. Hasi bizkar-zakuaren garraioarekin (nafarrari, adibidez, zeraman pisua ikusita «Urrielluko mandoa» goitizena jarri zioten): «Material guztia aterperaino igotzea sufrikarioa izan zen. Kanpin dendan egun guztiak pasatzea ere ez zen batere erosoa izan. Eskaladari dagokionez, mugimendu eta sekuentzia errazenak zein bidea nondik zihoan bilatzea kosta egin zitzaigun».

«Pilar del Cantabrico» bidean bizitako eskarmentuaz ere galdetu diegu, eta, inolako zalantzarik gabe, oso gustura daudela baieztatu digute: «Ederra izan da; biak ala biak oso ondo moldatu gara. Mundu bertikalean dena ezberdina da, eta jokabidea aldatu egiten da. Plazerra da marra magiko eta historian erreferentzia dena eskalatzea. Guztiz gomendagarria da; kalitate handikoa. Bidean bizitakoari esker, uste dugu eskalada estilo horretan eskarmentua hartu dugula. Horretaz gain, txalotzekoa da Fernandezek erakutsitako adorea; besteak beste, mugak hautsi zituelako eta era askean igo zitekeela erakutsi zuelako. Andradak, Ikerrek eta Josunek ere lan bikaina egin zuten».

ederra

«Beti da plazer handia marra magiko eta historian erreferentzia dena eskalatzea. Oso gomendagarria eta kalitate handikoa da benetan».

eskarmentua

«Geure helburua bide osoa era askean eta jarraian eskalatzea zen. Eskamentua falta izan zaigu Urrielluko bide hori jarraian eskalatu ahal izateko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo