Josebe Egia
Bidaian eta borrokan
Su-etenaren berri izan aurretik hemen esandakoaren harira, are gehiago ondoren, udazken mugitua izango dugula ziur gaude, baina une honetan oraindik udaren eta oporraldiaren ajeak jota natorkizue.
Senaz emakume bidaiaria naizen heinean, berdin zait bidaiok lagunduta ala bakarrik egitea. Batzuetan bikotea edo lagunak izango ditut ondoan, besteetan nire gauzak besterik ez. Bereziki azken egoera horretan konturatu ohi naiz emakumeok zenbat dugun oraindik irabazteko, bizi garen gizartearen egitura ikusgarriak noraino engaina gaitzakeen geure hautemateetan, geure berdintasun eta askatasunezko estatusaren pertzepzio propioan. Izan ere, dela atzerrian, dela norberaren lurraldean, emakume bakartiak jomuga izaten jarraitzen du, gizonentzako objektu erraz, inoren babesik gabe ahul dirudigulako erraz. Begiradetan, hizketara etortzeko eran, intsinuazioetan... nabaritzen dugu, ondoan gizon bat izanda sekula gertatuko ez litzatekeen moduan. Emakume bidaiari bakartiok, aurpegian sexu-grina dugulako irudi okerraz gain, harridura eta jakin-mina, eta nahigabe puntua askotan, eragiten dugu besteongan, beste horiek sarri ondokoak izanda, hau da, senideak, lagunak, lankideak... Sekula ez dut inor harrituta ikusi, edo goibeltasunak jota, gizon abentura zale baten pasadizoen berri izanda; alderantziz, ordea, nire larruan bertan bizi izan dut behin baino gehiagotan, jendeari bakarrik bidaiatzeko nahia xehetasun osoz azaltzeko betebeharrean islatuta, esaterako.
Bidaia eder eta aberasgarri baten ostean, beraz, bizitakoak eta irabazitakoak barnean ekarrita honen guztiaren inguruan hausnartzeko gogoz, hemen naiz berriz. Emakumeon berdintasun eta gizarte-balorazioaren bidean oraindik badugula zereginik konbentzituta, badugula zer sustatu, zer erauzi, zer aldarazi; hedabideetan zarata handia ateratzen duten aurrerapauso nabarmen eta ikusgarriez harago, pertsonon sustraietan eta oinarrizko ikuspegietan dagoenera jota. Matxismoa, lagunok, ez baita beste garai bateko kontua, ez horixe, ezta bere formarik lotsagabeenean ere, eta horren ehunka adibide ikusteko norberaren ataritik ateratzea besterik ez dugu.
Prentsan eta telebistan ikusten ditugun berriek, tamalez ikusten jarraituko ditugunak, emakumeok bizi dugun errealitatearen aspekturik bortitz eta deigarriena baino ez dute erakusten, bat-bateko egoerak edo isolatuak balira bezalako sentsazioa sortuta, bortitzaren bortitzaz, tantaka jasota. Horien guztien atzean, eta argitaratzen ez diren beste milaka egoeren atzean, guztien gibelean, ordea, kolektiboaren sentimendua dago, kolektiboaren jardunbide eta onarpena, eta baita onarpen eza ere, hori izanik, hain zuzen, daukagun arazo ugariren sorburu.
Eguneroko bizimoduan beste alde batera begiratu eta geure ongizateari bakarrik begira bizi nahi ez dugunok, berdintasunaren errealitateak sarri erakunde-aurpegia besterik ez duela dakigunok, argi daukagu beharrezkoak garela, aldaketen sustatzaile gisa, behintzat, argi dugun bezala bakarrik, borroka honetan, bidaietan ez bezala, emakumeok ez dugula zereginik.