GARA > Idatzia > Kultura

CRíTICA MUSIKA

Bonberenea musika bero eta gitarra sutsuekin kiskali da

p050_f03_148x136.jpg

 Koldo OTAMENDI

Pasa den larunbatean Tolosan ospatu zen Bonberenea Sutan! jaialdia beroa bezain sutsua izan zen. Afixan, Euskal Herriko bost musika talde esanguratsu: Atom Rhumba, Ama Say, SextySexers, Doctor Deseo eta Anari. Musikalki koordenada oso ezberdinetan izan arren, guztiok bat egin zuten Bonberenea gunearen etorkizuna musikaren bidez aldarrikatzeko.

Anarik giro lasaian ireki zuen emanaldia gaueko bederatzi eta erdietan; gerora handitzen joango zen musika sutea piztu zuen. «Irla Izan» diskoko kantuak jotzeaz gain, bere diskografia osoari errepaso egin zion. Tartean, lehen diskoko zenbait kantu ere jo zituen, besteak beste «Desnudame, desnudame» bezalako kantu izugarriak. Anariren emanaldietan ohikoa den bezala, soinu teknikari lanak egiten dituen Karlos Osinagaren laguntza izan zuten oholtza gainean zenbait kantutan.

Atom Rhumba izan ziren taularatzen bigarrenak. Bilbotarrek lehen akordea jo bezain pronto, emanaldiaren intentsitatea hazi egin zen. Urte hauetan guztietan formazio ezberdinak izan ditu Atom Rhumbak, baina, agian, egungoa da inoiz izan duen sutsuena. Iñigo Cabezafuegok baxua hartu eta Joseba Irazoki taldean sartu denetik, rhumbero atomikoek bizi berria hartu dute; taula gainean ederki islatzen da hori. «Amateur Universes» diskoko kantu asko jo zituzten, bai eta disko berria izango denaren zenbait kantu ere.

Doctor Deseoren emanaldia, berriz, ohi baino laburragoa izan zen. Bilboko taldearen kontzertuek bi orduko iraupena izan ohi dute normalean; horrenbestez, kantu zerrenda laburtu eta kantuen aukeraketa egin behar izan zuten. Atom Rhumbak listoia altu utziko zuela jakitun, Doctor Deseoak kantu zerrenda rockeroaren alde egitea erabaki zuen; hala, erdi tenpoko kantu asko beste egun baterako utzi zituzten. Ohiko taldekideez gain, biolin jotzaile baten laguntza izan zuten, bai eta ahotsetan kolaborazioak ere. Zea Mays taldeko Aiora Renteriak bi kantutan hartu zuen parte eta Anari ere taularatu zen bilbotarrekin. Francis eta Anarik bi ahotsetan abestu zuten «De la mano de un deseo» kanta gaueko unerik magikoenetako bat bilakatu zen.

Gaua giro ederrean zihoan eta Ama Sayk hartu zion lekukoa Doctor Deseori. Askok uste genuen Tolosako kontzertuan laster argitaratuko duten disko berriko zenbait kantu entzuteko aukera izango genuela, baina ez zen horrela izan. Abesti berriak beharrean, betiko kantuak izan ziren protagonista: «Papillons Noirs», «Beti Mugan», «Adi Holden», «Ausart zaitez», «Gaua»... Sekulako kontzertua eskaini zuten: sutsua, energikoa eta beroa. Azken txanpan Karlos Osinagararen laguntza izan zuten emanaldia gitarra distortsio eztanda amaiezin batekin ixteko.

Goizaldeko lauak zirenean igo ziren oholtza gainera SextySexers taldeko mutilak. Lehen kantutik bertatik erakutsi zuten gaua borobiltzeko prest zeudela. Kontzertu indartsua eskaini zuten, baina emanaldiaren amaiera kaotikoa izan zen zinez, rock&roll gau batek eskatzen duen bezala. Ikusleak taula gainean, eta SextySexers taldeko gitarra jotzaileak jende artean jotzen. Tartean, Bonbereneako gazteak oholtza gainean, «Are you ready» kantua abesten eta dantzatzen.

Ficha

Dirección: Floria Sigismondi.

Guión: Floria Sigismondi, sobre el libro de Cherie Currie.

Intérpretes: Kristen Stewart, Dakota Fanning, Michael Shannon, Tatum O'Neal, Brett Cullen.

País: EEUU, 2010.

Duración: 102 m.

Género: Biopic musical.

Fitxa

Jaialdia: Bonberenea Sutan!

Herria: Tolosa.

Lekua: Bonbereneako futbol zelaia.

Eguna: Irailaren 11, larunbata.

Taldeak: SextySexers, Ama Say, Doctor Deseo, Atom Rhumba

eta Anari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo